Arantxa MANTEROLA
DONAPALEU

Etxarriko AFMR zentroaren salmenta salatu dute Donapaleun

Etxarriko Elgart gazteluko formakuntza zentroa saldu izana salatzen dute ikasle ohiek, uste dutelako operazio hori «azken hamar urteotako kudeaketa txarraren ondorioa» dela. Ikasleei beste hainbat eragile gehitu zaizkie protestan eta atzo elkarretaratzea egin zuten Donapaleun.

Baserrien Heziketarako Elkarteak (AFMR frantsesez) Etxarriko formakuntza zentroa saldu izanak hautsak harrotu ditu Amikuze aldean. Hala, bertan ikasle izandako talde batek deituta elkarretaratze bat egin zen atzo Donapaleun, abeltzainen azoka eguna ospatzen zela baliatuta.

Ikasle ohiek gogor kritikatu dute Etxarriko Elgart gaztelua saldu izana eta ez dute ontzat eman Barthelemy Aguerre AFMRko presidente eta Akitaniako Kontseiluko eskuineko hautetsi denak emandako azalpenak, irakaskuntza zentroa «mantentzea eta eraberritzea sobera kario» dela, alegia. Ikasle ohien aburuz, «salmentaren egiazko arrazoia, elkarteko administrazio kontseilu eta zuzendaritzak azken hamar urteotan eraman duen kudeaketa txarra» da. Ez hori bakarrik, ikasle ohien ustez, laborantza sektoreko formakuntza «nahitara sakrifikatua izan da».

Bestalde, urteetan milaka ikasleren «ahalmen pertsonal eta kolektiboei balioa emateko tresna eraginkorra» izan dena «eliza integristako ikasketa elkarte bati» saldu izana deitoratu dute, «formakuntza zentro dinamiko eta berritzailea zenak ez baitu lurralde hartan zuen papera beteko jada».

Ikasle ohiek hainbat eragileren sostengua jaso dute, atzoko protestan ere parte hartu zutenak, besteren artean, nekazaritza-elikagaien CFDT sindikatuko sekzioarena, Emazteek Diote kolektiboarena edota EH Bai alderdiarena.