GARA
BILBO

IAk euskal ikasleek jasaten duten errepresioa salatu du

IAk prentsaurreko nazionala egin zuen atzo, euskal ikasleek pairatzen duten errepresioa salatzeko. Besteren artean, ikasleak «beldurtzen, isilarazten, desantolatzen, garaitzen eta ekonomikoki itotzen» saiatu direla adierazi zuten, eta gogora ekarri zuten, ildo honetan, San Mameseko Herri Unibertsitatearen kontrako oldarraldian identifikatutako 35 ikasleei ezarritako 24.000 euroko isuna, baita martxoan eta apirilean NUPen eta Iruñean atxilotu eta identifikatutako gazteei ezarritakoak ere.

Gainera, Ikasle Abertzaleek tarte berezia egin zioten Gasteizen epaituak izaten ari diren sei ikasleen auziari, eta denak libre nahi dituztela aldarrikatu zuten. Edonola ere, euskal ikasleriak «errepresioa errepresio, aurrera egiteko determinazio osoa» duela nabarmendu zuten agerraldian.