GARA
DONOSTIA

Ibon Iparragirre berehala etxeratu dezatela eskatu dute hainbat elkartek

Iparra Galdu Baik taldeak beste ekimen bat abiatu du, NBEk larri gaixo dagoen presoak zigorra etxean bete dezan egindako eskaeraren tramitea onartu ostean. 48 orduko baraualdia egingo dute asteburu honetan.

Torturaren Aurkako Profesionalen Bilguneko kide Iratxe Urizar eta Gloria Feierabend pozik agertu ziren atzo, Donostian emandako prentsaurrekoan, NBEk Ibon Iparragirre Ondarroako preso gaixoaren eskaeraren tramitea onartu duela eta. Izan ere, NBEk mota honetako kexa bat onartzen duen «lehen aldia» dela azpimarratu zuten.

Bestalde, Iparra Galdu Baik plataformako kide Gotzon Iparragirrek jakinarazi zuen kanpaina bat abiarazi dutela larriki gaixo dagoen presoak zigorra etxean betetzearen aldeko babesak eskuratzeko asmoz. Alderdi politikoei eta gizarte eragileei informazioa bidaltzeaz gain, gaur, 17.00etan hasita, 48 orduko baraualdia egingo dute Egiako Frantziskotarren elizan. Protesta igandean amaituko dute, 17.00etan ekitaldi publiko batean larriki gaixorik dauden euskal presoen askatasuna eskatuz. Horrez gain, baraualdian zehar Donostiatik ibiliko dira informazioa zabaltzen.

Agerraldian Angelita Burgoa, Ibon Iparragirreren ama, ere izan zen eta honek semearen egoeraren berri eman zuen. «Ez dugu ulertzen zergatik sartu duten kartzelan», hasi zen. Honen hitzetan, 2011n 100.2 artikulua aplikatu zioten gaixotasun sendaezin bat duela-eta –hiesa C3 fasean–. Hortik aurrera etxean bete zuen zigorra, eskumutur telematiko batekin eta Basauriko kartzelan astero aurkezteko derrigortasunarekin. Mediku azterketak egiten zizkioten, odol analisiak eta erresonantzia magnetikoak. Hala ere, 2014ko martxoan atxilotu eta Basauriko kartzelan sartu zuten. Ondoren, Navalcarnerora eraman zuten, eta bertatik Alcala-Mecora. Burgoak esandakoaren arabera, bertan jasaten duen egoera «ez da aproposena bere osasuna zaintzeko». Aspaldian ez dute medikuarenera eraman eta, gainera, «ospitalera joateari uko egin diola adierazten duen paper bat sinarazi zioten».

Iparragirreren egoera muturrekoa da. Joxe Mari Basterretxea medikuak esan bezala, gaixotasuna burmuinari eragiten ari zaio (ikusmena kaltetuta eta arreta falta du, adibidez).