GARA
DONOSTIA

Ibon Iparragirre etxeratzeko baraualdia martxan Donostian

Iparra Galdu Baik taldeak 48 orduko baraualdia antolatu du asteburu honetan Donostian, Torturaren Aurkako Profesionalen Bilguneak Ibon Iparragirre presoaren egoera dela-eta Estatu espainolaren aurka jarri duen salaketari oihartzuna emateko. Aldarrikapena Zinemaldira eramateko arrazoia azaldu du: «Isiltasun mediatikoa apurtzea».

Ibon Iparragirre larriki gaixo den presoaren egoera dela-eta, Torturaren Aurkako Profesionalen Bilgunek salaketa bat jarri du espainiar Estatuaren aurka eta Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Goi Agintaritzako Torturaren Kontrako Komiteak tramitera onartu du. Horri oihartzuna emateko, Iparra Galdu Baik plataformak, ondarroarraren senideek eta bilguneko partaide batek prentsaurrekoa eman dute asteon interpelazio kanpaina bat aurkezteko, 48 orduko baraualdia barne hartzen duena.

Asteburu honetan Donostian martxan jarritako baraualdiaren xedea ondarroarraren egoera salatzea da bereziki, baina larriki gaixo dauden gainerako euskal presoena ere bai, euren askatasuna exijituz.

Bestalde, Iparragirreren senide eta lagunek ostiralean euren protestarekin Zinemaldiko inaugurazio gala eten izanaren zergatia esplikatu dute: «Hainbat komunikabidek gaiaren aurrean duten isiltasuna apurtzea». Ostegunean, Ibonen amak, neurologo batek eta Torturaren Aurkako Profesionalen Bilguneak prentsaurreko bat eskaini zuten, Ibonen egoeraren berri emanez. «Tamalez, beste kasu batzuetan giza eskubideak hain ozen aldarrikatzen dituzten hainbat komunikabide ez ziren azaldu, ezta guztion artean ordaintzen dugun Euskal Irrati Telebista publikoa ere». Eta nahiz eta prentsaurrekoaren laburpena bidali, gaineratu dute hurrengo egunean, pare bat salbuespen kenduta, gainerako hedabideetan ez zela beronen aipamenik ere egin.

«Aurreko asteburuan Kontxan egon ginen. Nahiz eta, behin estropada amaituta, arraunlari eta agintarien ondo-ondoan egon, Ibonen etxeratzea eskatzen zuten pankarta izpirik ez zen ikusi hedabideetan».

Horiek hala, Zinemaldiko irekiera galaren erakusleihoa erabiltzea «beste aukerarik ez» zitzaiela gelditu argudiatu dute: «Guretzat ere ez da samurra, batzuen txaloen artean beste batzuen irain eta txistuak entzun behar izatea, jakinda, gainera, ikusleak ez direla Ibonen egoeraren erantzuleak. Ez da dibertigarria. Egiten dugu egin behar dugulako eta ikusten dugulako denbora aurrera doala, Ibonen egoerak okerrera egin duela eta azkenengo 16 hilabeteetan ez diotela erresonantzia magnetikorik egin, berez sei hilabetero behar lukeenean», azpimarratu dute.