Jon LEUNDA

Asensiok eskarmentua eta kalitatea uztartzen ditu Beasain taldean

David Asensio da Beasain taldeko ikurretako bat. 36 urte beteak dituen arren, maila ona ematen ari da oraindik. Eskarmentua ere badauka, eta badaki Lehen Mailan jokatzea ere zer den, Athleticekin izan baitzuen horretarako aukera. Orain Goierri aldean oso gustura dabil.

David Asensio da Beasain taldeko jokalari beteranoenetako bat. Urte batzuk badaramatza jada Loinazko berdegunean jokatzen, baina aurretik ere eskarmentu handia dauka. Badaki zer den Lehen Mailan, Bigarren Mailan eta Bigarren B Mailan jokatzea, eta hori nabari zaio. Talde gipuzkoarrean jokalari ezinbestekoa da usurbildarra, eta inongo arazorik ez duela, hamaikakoetan izaten da ia norgehiagoka guztietan.

Beasain beti da Hirugarren Mailako laugarren multzoko talde faboritoetako bat. Azkeneko urteotan, ordea, ezin izan du igoera fasea jokatu, eta behin baino gehiagotan geratu da bosgarren postuan, igoera fasea jokatzetik oso gertu. Aurten denboraldia, ordea, ez du ongi hasi. Bi berdinketa bakarrik lortu ditu. Hala ere, Asensiok lasaitasuna eskatzen du. «Talde polita daukagu, ongi ari gara lanean, eta uste dut emaitzak iritsiko direla. Ez dugu presaka ibili behar, taldean jende berria badago, kalitatezko jendea, baina denbora behar dute. Seguru nago emaitzak heltzen ere hasiko direla, eta laster hartuko dugula gorako bidea», dio Asensiok.

Izan ere, Beasainek jokalari garrantzitsuen hutsunea du aurten, aurreko lerroan Olaizola edo Artola falta zaizkio, eta hori nabaritzen duten arren, gauzak aldatuko direla uste du Davidek. «Garbi dago aurreko lerroan jokalari garrantzitsuak galdu ditugula, baina etorri direnak ere hasiko dira euren lanaren fruitua ematen, eta, aurrez esan bezala, seguru nago taldeak gora egingo duela», nabarmendu du.

Beasainen aurkitu duen giro onaz ere hitz egin nahi du Asensiok. «Giro oso ona daukagu aldagela barruan, eta hori oso garrantzitsua da. Gero, zuzendaritzarekin, entrenatzaileekin eta zaleekin daukagun harremana ere oso ona da, primerakoa, eta horrek gauzak asko errazten ditu. Partidak irabazten hasteko gogorik eta premiarik handiena guk geuk daukagu, eta ea hurrengo partidan den», dio futbolari usurbildarrak.

Asensioren ustez Hirugarren Mailan joko maila altua dago, eta, gainera, gora egin du azken urteotan. «Maila oso ona dago. Gaur egungo futbolaren egoerarekin ere zaila dago kanpora joatea, eta asko itzuli egin dira. Multzo oso indartsua da, eta ikusi besterik ez dago, azkeneko urteotan beti igotzen baita talderen bat Bigarren B Mailara gure multzotik», dio Beasaingo jokalariak. Aurtengo faboritoak aipatzerakoan, uste du betikoak ibiliko direla puntan. «Nik uste dut betikoak izango direla. Liga orain hasi da eta ez ditut talde asko ikusi, baina pentsatzen dut Portugalete hor izango dela. Iaz jaitsi zen Bigarren B Mailatik, eta berriro igo nahiko du. Balmaseda edo Bermeo ere uste dut hor izango direla. Alavesen bigarren taldea ere oso ona dela esan didate. Gipuzkoarren artean pentsatzen dut Lagun Onak hor izango dela. Iaz igoera fasea jokatu zuen, eta aurten ere oso ongi hasi da. Beasain ere ea hor sartzen dugun eta ea aurten igoera fasea jokatzeko moduan garen. Azkeneko urteetan ez dugu lortu, eta ea aurtengoan bolada hori apurtzen dugun», esan du Davidek.

 

Eskarmentu handia futbol profesionalean

Atzera begira jarrita, usurbildarrak gauza asko egin ditu. 19 urte besterik ez zituela jokatu zuen bere aurreneko partida Athleticekin Lehen Mailan, Atletico Madrilen aurka zehazki. «Aspaldi izan zen hura, baina oroitzapen oso politak dauzkat. Denon ametsa da noizbait Lehen Mailan jokatzea, eta hori bete nuen», dio. Athletic utzi ondoren, Extremadura taldera joan zen. Almendralejoko ekipoaren urterik onenetakoak ziren haiek, eta Bigarren Mailan aritu zen usurbildarra. «Oroitzapen oso onak dauzkat. Etxetik irteten nintzen lehen aldia zen, baina sekulako gogoarekin eta ilusioarekin joan nintzen, gauza berriak probatu nahi nituen. Denboraldi oso polita izan zen niretzat, eta asko ikasi nuen», gogoratu du. Bigarren Mailan Eibar taldearekin ere aritu zen, eta eibartarrekin Bigarren B Mailan ere jokatu zuen.

Etxetik kanpo, berriz, Alacant eta Palentzia taldeetan ere jokatu zuen, garai hartan bi talde garrantzitsu Bigarren B Mailan, urtero-urtero igotzeko borrokan zebiltzanak. «Bi klubek diru arazoak izan dituzte gerora, baina garai hartan Bigarren Mailara igotzeko borrokan zebiltzan taldeak ziren. Egon naizen leku guztietan egon naiz gustura, orokorrean futbolak urte onak eman dizkit», ekarri du gogora futbolariak.

Gaur egun futbola aldatu da, ordea, eta Asensiok berak onartzen duenez, zaila da, edo lehen baino zailagoa bai behintzat, etxetik kanpora futbolen jokatzera joatea. «Futbola aldatu egin da, baina are gehiago taldeen egoera. Krisiaren eragina hor dago, eta gaur egun Lehen Mailako edo Bigarren Mailako talderen batera ez baldin bazoaz, ez da erraza etxetik joatea. Talde asko diru arazoekin daude, eta ongi ikusi behar da zer egin. Hala ere, gaztea zarenean, eta aukerak daudenean, dena baliatu nahi izaten da. Gainera, gauza berriak probatzea beti dago ondo», azaldu du Beasain taldeko jokalariak.

Maiatzean 36 urte egin zituen, baina oraindik sasoiko dago eta Beasainen hamaikakoan ezinbestekoa da usurbildarra. Joko maila handia dauka oraindik, eta eskarmentua ere bai. Gazteentzat eredu ere bada, eta hori aldagela batean beharrezkoa da. Zaleek ere oso gustuko dute. Hasi berria den denboraldi honetan ere bere lana oso garrantzitsua izango da Loinazko taldean.