Surflari ernegatua

Batu gaitezen

Orain hamabost urte Europako Txapelketan Euskal Selekzioak parte hartzeko zuen eskubidea aldarrikatzeko bildu ginenetik gauzak asko aldatu dira Euskal Herrian eta bertako surflarien komunitatean. Baina aldatu diren gauzen artean bat nabarmenduko nuke: naziotasuna eta identitatea ulertzeko modua.

Lehen abertzale eta ez abertzaleen arteko marra oso zehatza zen; Hegoaldean esaterako, abertzale ez izatea gaizki ikusia zegoen. Gaur egun, ordea, euskal kostalde osoan egoera oso antzekoa dela esango nuke. Garai hartan bezala, Iparraldeko surflariek duten abertzaletasuna ulertzeko modua oso konplexua da, baina, hain zuzen ere, egun Hegoaldean abertzaletasuna ulertzeko moduaren oso antzekoa da.

Bateko zein besteko surflari asko euskaldun sentitzen dira, baina ez dute espainiar edo frantses selekzioarekin parte hartzeko aparteko eragozpenik. Sentimendu indartsua da, haien lurra, haien jendea maite dute, euskaldun izateaz harro daude, baina ez dute landutako kontzientziarik. Beraz, gaur egun abertzaletasuna ulertu eta bizitzeko modua oso lausoa dela onartzera behartuta gaude. Gauzak horrela, zer egin daiteke datorren urtean Lapurdiko kostaldean izango den aberrien arteko munduko txapelketari begira? Zeintzuk izan behar dira erronka nagusiak?

Garrantzitsuena nazio gisa aurkeztea da. Lehen eginbeharra Hegoaldeko zein Iparraldeko euskal surflariak batu eta nazio gisa lehiatzeko dugun eskubidea aldarrikatuko duen talde zabala eratzea da. Talde horretan abertzaletasuna ulertzeko modu desberdinak batuko dituzten surflariak elkartu behar dira, frantses edo espainol gisa lehiatzeko prest daudenak zein soilik euskaldun gisa egingo dutenak, lema bakar eta nagusi baten inguruan, “Nazio bat gara, gure selekzioarekin parte hartzeko eskubidea daukagu”, edo antzeko zerbait.

Behin batzen gaituena finkatuta, hiru helburu lortu behar dira. Bata, Euskal Selekzioak munduko surf txapelketan parte hartzea, ahal bada modu ofizialean eta bestela gonbidatu gisa. Horrek, noski, Euskal Selekzioa eratzea eskatzen du. Bigarren helburua, Euskal Selekzioan parte hartuko duten lehiakideak goratzea. Alegia, beste selekzioekin parte hartzeari uko egin dioten surflariak goretsi behar dira, horiek izan behar dute eredu, gainontzeko surflariek antzeko jarrera har dezaten. Horrela, frantses zein espainol selekzioek lehiakide onak galduko dituzte, eta, bide batez, mundu osoko surflariei errespetu bat zor zaion nazio bat garela erakusteko modu eraginkorrena izan daiteke, beste lurraldeetan ez baitago halakorik. Alegia, hawaiiar eta tahitiarrek harro aldarrikatzen dute haien naziotasuna, baina ez lukete gauza bera egingo estatubatuar edo frantses gisa lehiatzera derrigortuko balituzte.

Azkenik, Frantzia eta Espainiako selekzioetan parte hartuko duten surflariekin harreman zuzena izan behar da, errespetuz, gutxietsi gabe; ez dira goratu behar, baina ezta baztertu ere. Azken finean guztiak batzea ezinbestekoa da munduaren aurrean igorri nahi den mezua modu eraginkorrean zabaltzeko. Ulertu duzue, ezta? Nazio gisa ditugun helburu estrategikoak gauzatzeko marrazten ari garen ibilbide orria bezala.