Andoni ARABAOLAZA
ESPEDIZIOA

Stefan Glowacz eta Robert Jasper: abentura bikoitza Baffinen

The Turret hormatzarreko mendebaldeko aurpegiko «Nuvualik» bidea ia era askean (7b+, M6, A1) eta estilo onean errepikatu dutealemaniarrek. Uharte artikoan jarritako helburura bitarteko hurbilketa era erabat autonomoan egin dute; hots, inuiten laguntzarik gabe.

Robert Jasperrek idatzi zigunean bere azken espedizioaren berri emateko, gure begiak lehenik eta behin sokakidearengana zuzendu ziren. Mezuaren lehen lerroan Stefan Glowacz azaltzen zen, eta burura etorri zitzaigun lehen esaldia honakoa izan zen: «Kontxo! Bi alpinista handiok berriro bat egin dute».

Bada, bai, sokada horrek indarrak batu ditu Baffin uhartean jarduera eder bat egiteko; hasieratik amaierara, hain zuzen ere. Eta azken hori gehitu dugu espedizioak orokorrean eite berezia izan duelako. Emaitza: The Turret izeneko hormatzarraren mendebaldeko aurpegian dagoen “Nuvualik” bidea estilo onean eta ia oso-osorik era askean igotzea erdietsi dute. Hori bai, marran aldaera batzuk sortu ondoren.

Alabaina, Glowacz eta Jasperren asmoa ez zen aipatutako bide hori askatzea; ezta gutxiagorik ere. Pareta horren inguruan zuten informazioak zioen beste eskalatzaile batzuk eginiko saiakera bat bazegoela, horman sartu eta marra bat bukatu gabe utzi zutela. Beraz, The Turret hormaren mendebaldeko aurpegia igo gabe omen zegoen. Alemanen asmoa pareta horretan lehen bidea sortzea zen, baina, aurreratu dugun bezala, beste batean sartu, eta, ia era askean, goitik atera ziren. Zailtasunei dagokienez, honako emaitza aurkeztu dute: 7b+/A1 eta M6.

Baina aipatu dugu ere espedizioak beste berezitasun bat izan duela. Eta, gainera, uste dugu azpimarratzekoa dela. Jasperrek esan digunez, maiatzean eta ekainean eginiko espedizioaren helburuetariko bat hurbilketa bide osoa inolako laguntzarik gabe egitea zen. Norberak bere lera bultzatu zuen; hots, ez zuten inuiten ohiko laguntza jaso. Bi alpinista horiez gain, Klaus Fengler argazkilariak ere hartu zuen parte espedizioan.

Bada hiru protagonistok bederatzi egun behar izan zituzten Clyde River izeneko alderdia (espedizioaren abiapuntua) eta Sam Ford fiordoan antolatu zuten kanpaleku nagusia lotzeko. Bi protagonistok aukeratutako xedea aurrean zuten: The Turret. Jasperrek adierazi digu hura ikusterakoan ezusteko ederra hartu zutela: «Esfortzu handia izan zen urrutiko alderdi batera bidaiatzeko. Geure kabuz eginiko espedizio txiki bat izan da, eta horregatik agerikoa zen xede bat nahi genuen; hots, estetikaren aldetik erakargarria zena eta ‘azkar’ igotzeko aukera ematen zuena».

Istripu eta guzti

Glowacz eta Jasperrek ondo ezagutzen dute elkar. Izan ere, duela zortzi urte ere bi alpinistok soka gerrira lotu zuten Baffinen bertan bide bat zabaltzeko. Espedizioa horretan “Take the long way home” sortu zuten: 700 metro, 21 luze, A4 eta 10-.

Kanadako uhartera eginiko bigarren bidaian The Turret aukeratu zuten. Bederen, ikusgarria zen xedea: 800 metroko pareta estetiko zein tentea. The Turreten lehen igoera 1987. urtean Xaver Bongard, Christian Dalphin, Peter Gobet eta Bernard Wietlisbach suitzarrek erdietsi zuten. Baina, alemanek mendebaldeko aurpegian dagoen ageriko marra bat eskalatu nahi zuten. Baita lortu ere. Baina etxera itzultzerakoan ohartu ziren 1995. urtean Warren Hollinger, Jerry Gore eta Mark Synott kanadarrek sortutako “Nuvualik” bidean (VI, 5.10+, A3) oharkabean sartu zirela.

Jasperrek esan digu lehen urratsak erritmo onean egin zituztela: «Progresioa ona zen, eta bideari aldaera batzuk egin genizkion. Baina marraren erdian geundenean, luizi batek Stefan bete-betean harrapatu zuen. Eskuetan min hartu zuen, eta dena erabat korapilatu zen. Baina egoera aztertu eta jarraitzea erabaki genuen. Geratzen zen eskaladan nik sokaburu jardun nuen, eta, zorionez, gailurrera goizaldean heltzeko gai izan ginen, 02:30ean. Istripuaz gain, eskalatzen ari ginen bitartean eguraldiak okerrera egin eta baldintza kaskarretan jardun genuen. Guztira, hogei orduko eskalada izan zen».

Arestian aipatu dugunez, alemaniarrek kanadarren bidean hainbat aldaera sortu zituzten eta ia puntu gorria jarri zioten: «Era askean 7b+ eta M6 zailtasunak gainditu genituen. Soilik A1 graduko tarte txiki bat geratu zitzaigun zintzilik. Tarte horrek, zoritxarrez, izotz geruza fin bat zuen eta ezin izan genuen askatu. Bide beretik rapelatu genuen».

Espedizioaren emaitza garrantzitsu bat patrikan zuten, baina oraindik ere itzuli beharra zuten. Baffineko denboraldiaren amaieran (udaberriaren amaieran, hain zuzen ere) zeuden eta izotza urtu baino lehen itzuli behar ziren. Modu erabat autonomoan, lerak berriro hartu eta 170 kilometroko ibilbidea egin eta gero, ekainaren 28an heldu ziren Clyde River herrixkara. Horretarako, 13 eguneko bidaia behar izan zuten egin.