GARA
IRUÑEA

Elkarlana izango du ardatz UEUk Nafarroako ikasturte berrian

Udako Euskal Unibertsitateak NUPekin eta Iruñeko Udalarekin zituen elkarlanei, Nafarroako Hezkuntzarekin lotu duena gehitzen zaio. Sinergiak goraipatu zituzten sustatzaileek, ikasturte berriaren aurkezpenean. Nafar profesionala formatu, tokiko behar akademikoei erantzun eta etengabeko euskarazko formazioaren erreferentzialtasuna dituzte xede.

Udako Euskal Unibertsitateak aurtengo ikasturtea aurkeztu zuen atzo. NUPekin eta Iruñeko Udalarekin zituen elkarlanei, Nafarroako Hezkuntza Departamentuarekin lotu duena gehitu behar zaio. Helburuak profesionalak formatzea, tokiko behar akademikoei erantzuna ematea eta euskarazko formazioan erreferentzialtasuna areagotzea izango ditu. Osagai horiekin guztiekin, «inoizko ikasturte indartsuena» izango dela adierazi zuten.

Helburuak erdiesteko, ikastaro hauek antolatu dituzte: eskaintza propioko lau ikastaro, Hezkuntza Sailarekin elkarlanean antolatutako bost ikastaro, euskara atalarekin Nafarroako sare publikoko A, B eta D ereduetako irakasle ez unibertsitarioentzako beste bi eta NUPekin kultur jardueraren baita eskainiko diren beste bi.

Iñaki Alegria UEUko zuzendariak ikastaroek izaten duten harrera nabarmendu zuen: «Aurtengo udako ikastaroak azkeneko urteetako arrakastatsuenak izan dira. Ildo horretatik jarraitu nahi dugu eta horretarako ezinbestekoa da indarrak bildu eta elkarlana sustatzea».

Bere aburuz, sinergiak ezinbestekoak dira. Pozarren agertu zen. «Iaz NUPekin hitzarmena sinatu genuen formazioa eta argitalpengintzan elkarlana sustatzeko. Eta gaurkoan poz handiarekin gehitzen dut zerrenda horretara Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailarekin 16 urteren ondoren berriro abian jarri dugun lankidetza. Sinergiak indartzea ezinbestekotzat jotzen dugu, lortu nahi ditugun helburuak ere handiak direlako».

Maider Beloki Iruñeko Udaleko Kultura zinegotziak, bere aldetik, UEUk egiten duen lana baloratu zuen, «hizkuntzaren biziberritzeari eusteko beharrezkoa» dela azpimarratuta.

«Erakundeen arteko elkarlana da erronkei aurre egiteko bide bakarra», adierazi zuen NUPeko Hizkuntzen goi-mailako ikastegiko zuzendari Imanol Nuñezek. «Bai unibertsitateak bai administrazioek sareak osatu behar dituzte, guztion lanak koordinatzeko eta indartzeko». Lankidetza horren garrantzia ere nabarmendu zuen Mikel Reyk. «Gizarteko sektore zabal batek eskatutako lorpen sozial eta kultural bat betetzea suposatzen du», adierazi zuen.

Ikergazte

Bestetik, UEUko Nafarroako formakuntza teknikari Edurne Kochek iragarri zuenez, Ikergazte kongresuaren bigarren edizioa NUPen egingo da, datorren urteko maiatzaren 10, 11 eta 12an. Alegriak jardunaldi horiei aipamen berezia egin zien, «ikasturte honetako proiektu nagusia» dela iragarriz. Gogorarazi zuenez, Ikergazte kongresuaren helburua euskal komunitate-zientifikoko ikertzaileak bildu eta elkarren berri izatea da, arlo guztiak jorratuz. Duela bi urte ehundik gora ikertzaile bildu zituzten, eta beren nahia datorren maiatzean ere «beste hainbesteren topagunea izatea da. Bidelagun ezin hobeak ditugu horretarako, mahai honetan gaur ikusten den bezala», adierazi zuen.