Idoia ERASO
BAIONA

EAJ-PNBk Elkargo Bakarraren kontrako hautetsien jokamoldea gaitzetsi du

EAJ-PNB-k Elkargo Bakarraren kontra aste honetan izan den epaiketara eraman den desmartxa kritikatu zuen, Baionan asteazkenean egin zuen agerraldian. Errekurtso judiziala ezarri duten hautetsiek erakundearen sorreran parte hartzeko zilegitasuna zalantzan jarri zuen Itxaro Bethart eledunak: «Ulertezina da pertsona horiek elkargoaren sorkuntza taldeetan segitzea».

Alta, ez zuen Gidaritza batzordetik kanporatzea eskatu: «Garrantzitsua da eztabaidan ezartzea kontrakoen mantentzea lantaldeetan. Espero dugu parte hartuko dutela elkargoaren proiektua trabatu gabe».

Urriaren 7an Baionan egingo den Lema Eguna aurkeztu zuten, “Tokikoa ekoiztu eta kontsumitu” izango da aurtengo leloa. Laborantza herrikoi eta iraunkorrari buruz mintzatzeko Idoki, Euskal Herriko Laborantza Ganbera, BLE eta Inter-AMAPeko kideekin batera, EAJko Laurent Marlin eta Baionako Herriko Etxeko Martine Bisauta eta Jean-Rene Etchegaray auzapeza izango dira.