Idoia ERASO
BAIONA

Pentsioen igoerarik ezari kalean egin diote aurre erretirodunek

Ostegunean 160 bat lagun bildu ziren Baionako herriko etxeko plazan erretiro-pentsioen balioa berritzeko eskatuz. Atzo, Gizarte Segurantzak erretiroak ez igotzea erabaki zuen, eta hori aurreikusita egin zuten bederatzi sindikatu eta erretiratu elkartek mobilizatzeko deia.

160 bat pertsona bildu ziren ostegunean Baionako herriko etxeko plazan, erretiro-pentsioen balioa berritzeko eskatuz. Bederatzi sindikatu eta erretiratu elkartek egindako deia erosteko ahalmena defenditzeko ekimena izan zen. Atzo Gizarte Segurantzak pentsioak ez igotzea deliberatu zuen, eta egoera hori aurreikusita antolatu zen ostegunean ekintza.

Estatu mailan antolatutako mobilizazio egunarekin bat eginez, Askatasun plazatik Suprefeturara joan ziren, aldarrikapena Gobernuari helarazi nahian. 2014an ez zela igoerarik izan oroitu zuten, eta 2015ean %0,1a besterik ez. Inflazioaren mailako igoera bat atzemateko 2013ko apirileraino jo behar dela nabarmendu zuten.

Gobernu ordezkaritzan

Igoera eskas horren ondorioz, soldaten bilakaeraren aldean erretiro-pentsioek atzera egin dutela salatu zuten. Aldi berean, egungo soldaten aldeko aldarria ere irakur zitekeen erakutsi zuten pankartan: «Soldata onak, benetako lanak, banaketaren bitartez pentsioak finantzatzeko».

Hitzordua ere eskatu zuten suprefeturan, baina ez zieten harrera egin. CGTko erretiratu taldeko kide Jean-Paul Birek nabarmendu zue, lehen aldia dela beraien eskaerari erantzunik eman ez zaiona, etorkizunean, ziur asko, mobilizazio gehiago antolatu beharko dituztela gaineratuta.

Ipar Euskal Herrian erretiratuen %30ek hilabetero 1.000 euro baino gutxiago jasotzen dute. Pentsio txikiak jasotzen dituztenen artean emakume anitz dira, bai gutxi kotizatu dutelako bai soldata baxuagoak izan dituztelako.

Denoi eragiten digun kontua

Gipuzkoako Helduen Elkarteen Plataformak ere elkarretaratzea egin zuen atzo, Adineko Pertsonen Eguna zela aprobetxatuz. Eguerdian zen hitzordua, Donostian, Bulebarreko kioskoan. Mobilizazioaren helburua pentsio publiko eta gizarte-prestazio duin eta justuak exijitzea zen. Deialdi berezia egin zuten, ez pentsiodunak soilik, baizik herritar guztiak beren eskubideen defentsan kalera atera zitezen; izan ere, ohartarazi zutenez, gaur adinekoen eskaera dena, epe labur eta ertainean, gainerakoena ere izanen da.

Beste hamaika herritan ere antolatu dituzte kontzentrazioak biharko; Arrasaten, Oñatin, Lasarte-Orian, Legazpin eta Zumarragan, besteak beste. Toki horietan guztietan manifestu bat banatu eta ekitaldien amaieran irakurriko dute. Hiru aldarrikapen nagusi egingo dituzte Gipuzkoako helduek: pentsio publikoak babesteko beharra azalduko dute; 1.080 eurotik beherako pentsiorik izatea ez dela onartu behar azpimarratuko dute; eta «pentsio pobreak sortzen dituen» enplegurik ere ez dutela nahi garbi utziko dute. Agijupens, Nagusilan, Duintasuna, Fevaas, Gepe eta Helduak Adi taldeek osatzen dute helduen plataforma.