Ion SALGADO
GASTEIZ

Gasteizko herri harresian parte hartu zutenak babesteko deia egin dute

Astelehenean hasiko dira Gasteizko herri harresian parte hartzeagatik auzipetu zituzten 15 gazteen aurkako epaiketak. Gasteizko Harresiak elkarretaratze bat egingo du goizeko bederatzietan Justizia Jauregiaren aurrean, horiei elkartasuna adierazteko.

Gasteizko Harresiak egindako deialdiarekin bat egin dute 2015eko maiatzean Andre Maria Zuriaren plazan egin zen herri harresian parte hartzeagatik auzipetu zituzten gazteek, eta datorren astelehenean, urriak 10, goizeko bederatzietan Justizia Jauregian egingo den kontzentrazioan parte hartzera deitu dute herritar oro. Aipatutako herri harresia Aiala Zalbibar, Igarki Robles eta Ibon Esteban babesteko eraiki zen. Militante politikoak izateagatik espetxeratu zituzten horiek, Ainhoa Villaverde, Bergoi Madernaz, Xabat Moran eta Marina Sagastizabalekin batera.

Urte eta erdi igaro da atxilotu zituztenetik, eta zazpiak libre daude dagoeneko, baina datorren astean hasiko dira herri harresian atxilotu zituzten gazteen aurkako epaiketak. Auzipetuetako Izaskun Goienetxeak horrela azaldu zuen beren jarrera: «Elkartasunetik konpromisorako jauzian beste pauso bat ematea erabaki genuen, auzipetuekiko babesa muturreraino eramanez».

«Gure lagunen atxiloketa eragotzi baino, egoeraren krudeltasuna adierazi nahi izan genuen eta desobedientziaren bidean urrats bat aurrera egin. Tamalez, Aiala, Ibon eta Igarki eraman zituzten eta eurekin batera 20 lagun atxilo eraman gintuzten, gutako 15 auzipetuz desobedientzia, aginteari atentatua edota erresistentzia egitea egotzita», zehaztu zuen. Horretaz gain, astelehenean epaituko dituzten bi gazteen aurka Fiskaltzak bi urteko kartzela zigorra eskatzen duela gogorarazi zuen.

Halaber, Goienetxeak herri harresia eraisteko erabili zen bortizkeria kritikatu eta EAJren jarrera salatu zuen. «Babestu genituen lagunak atxilotzera etorri ziren horiek ez ziren berdez jantzitako gizonak izan, ez. Beste behin ere Auzitegi Nazionalean hartutako erabaki politikoak gauzatzeko borrero diren EAJren morroiak etorri ziren, zoru etikoaren inguruko lezioak eman nahi dizkiguten horiek», adierazi zuen. Amaitzeko, desobedientziaren bidean aurrera egingo dutela nabarmendu zuen.