GARA
Zierbena

Lan istripuan larriki zauritu da Zierbenako portuko 34 urteko langile bat

Zierbenako portuko langile batek istripua izan zuen atzo eguerdian, eta horren ondorioz, zauri larria jasan zuen besoan. Bestalde, Mungian asteazkenean hil zen langilearen kideek egun osoko lanuztea egingo dute.

34 urteko langile bat larri zauritu zen atzo Zierbenako (Bizkaia) portuan lanean ari zela. Ezbeharra eguerdi partean gertatu zen eta horren ondorioz zauri esanguratsu bat izan zuen besoan. Horren ondorioz, Gurutzetako ospitalera eraman zuten. Istripua zergatik gertatu zen argitzeko ikerketa lanak egiten ari dira.

Bestalde, Mungian asteazkenean gertatu zen ezbeharra dela eta, non 42 urteko gizon donostiar bat hil zen, mobilizazioak egingo dituzte lankideek. Egun osoko lanuztea egingo dute astelehenean Tecnicas Hidraulicas enpresan familiari elkartasuna adierazteko eta 11.00etan bi orduko elkarretaratzea hasiko dute.

Dagoeneko 47 dira aurten Hego Euskal Herrian lan istripuz zendutako pertsonak, ELA sindikatuak ohar baten bidez nabarmendu duenez. «Laneko heriotzak eta gainontzeko ezbeharrak lan prekaritatea lantokietan zabaltzea ahalbidetzen duen lan eredu honen ondorio zuzena dira», ohartarazi du. Honen erruduntzat jo zituen enpresak, «beste ezeren gainetik irabaziak lehenesten baitituzte».

Horren aurrean, irtenbidea «enplegu duin eta kalitatezkoa bermatzea» dela uste du ELA sindikatuak. Bide horretan neurriak hartzeko eskatu die erakundeei. LABek ere erantzukizunak eskatu ditu: «Azpikontratazioa prekaritatearen oinarrizko osagaia da, eskubide falta, prebentzio neurri falta, erritmo azkarrak, presioa, koordinazio eta kontrol neurrien faltarekin batera, gutxi batzuen irabazien mesedetan».

Alde horretatik, bereziki nabarmendu du patronalaren «ardura». «Laneko istripuen aurrean badaude erantzuleak, ikerketaz ikerketa ikusten den moduan, ez da zorigaizto edo zorte kontua», gaineratu du sindikatu abertzaleak.

Langile donostiarra Hernaniko Caldereria Leorpe subkontratako langilea zen, eta asteazkenean Mungiako enpresan ari zen muntaketa lanetan pieza bat buru gainera erori zitzaionean. CCOO sindikatuak langileen baldintza txarrak salatu ditu, enpresan jai eguna izanik lanean zegoelako inolako ikuskaritzarik gabe.