GARA
DONOSTIA

Gipuzkoa Solidarioak taupada biziz egingo du foroa Tabakaleran

Bosgarren Gipuzkoa Solidarioa Jaialdia hartuko du larunbatean Tabakalerak. Kutxa Fundazioko Elkartasuna Sailaren ekimenak Gipuzkoasolidarioa.info plataforma sozialeko ordezkaritza zabala izango du aurten ere. Bertan biltzen diren elkarteek egiten duten lana erakutsi eta jendartearengana hurbiltzeko xedearekin hainbat ekintza proposatuko dituzte.

Alde batetik, Tabakalerako lehen solairuko Patioa gunean, Gipuzkoako elkartasun sareko 30 bat erakunderen mahaiak bisitatu ahal izango dira 10.00etatik 20.00etara.

Bestetik, Kutxa Kultur Plazan, eraikin bereko laugarren solairuan, ekintza ugari izango dira. 10.30etik 13.30era, Open Space tresna baliatuko dute. Elkarteen kudeaketan laguntzeko tresna erabilgarri bat da, gustura egon, hitza hartu, ezagutu, ikasi eta hausnartzeko. Hainbat elkartetako kideak bilduko dira eta taldeak osatuko dituzte bakoitzaren nahi eta interesen arabera. Asmoa elkarteei barne antolaketarako bertze ideia edo ikuspuntu bat ematea da.

Arratsalderako, 16.00etatik 18.00etara, elkarteetako emakumeen topaketa prestatu dute, elkar ezagutzeko eta gozatzeko. Hasteko, Manos K Rien elkarteak antolatuta gorren hizkuntzan aurkezpen bat egingo dute, hizkuntza hau ezagutzeko lehen urratsak eginez. Topaketa honen helburua solas egitea, elkar ezagutzea, abestea, jolastea eta, batez ere, ongi pasatzea izango da. Poemak, jolasak eta abestiak izango dira horretarako.

Hala osatuko dute elkartasuna lokarri duten 30 bat elkarteek taupada indartsuz beteriko ekimen bizia.