GARA
LONDRES

Brexit-erako estrategia Parlamentuan azaltzeko eskatu dio Corbynek Mayri

Jeremy Corbyn Britainia Handiko Alderdi Laboristako buruak Theresa May lehen ministroari Brexita gauzatzeko duen estrategia Parlamentuan azaltzeko eskatu dio. Justizia ministroa, berriz, botere judizialaren independentzia aldarrikatu beharrean izan da.

Justizia Administrazioak Theresa Mayren Gobernuari ostegunean eman zion muturrekoa dela-eta, Jeremy Corbyn laboristak bazterrak astindu nahi ditu, bere posizioak indartuko dituelakoan. Atzo Londresen eskaini zuen hitzaldi batean, lehen ministro kontserbadoreari eskatu zion Parlamentura lehenbailehen joateko Brexita (Britainia Handia Europar Batasunetik ateratzea, erreferendumean herritarrek onartu bezala) gauzatzeko duen plana azaltzera.

«Gardentasuna» ezinbestekoa da, laboristaren ustez, une honetan: «Alderdi Laboristak onartzen du Europar Batasunetik ateratzeko britainiar herriak hartutako erabakia, baina gardentasuna behar da, eta Gobernuak dituen planak Parlamentuaren aurrean azaltzea».

50. artikulua

Jeremy Corbynek uste du Theresa Mayren Exekutiboak ez duela inolako egitasmorik eta horregatik saihestuko duela atzo proposatutako ariketa demokratikoa. Auzitegi Nagusiak ostegunean erabaki zuenez, Gobernuak Parlamentuaren oniritzia lortu behar du Lisboako Itunaren 50. artikuluari (irteera abian jartzen duena) heldu aurretik.

Lehen ministroak iragarri du errekurtsoa aurkeztuko duela Auzitegi Gorenaren aurrean. Epaileen erabakia ezagutu aurretik, May lehen ministroak nahi zuen 2017ko lehen hiruhilabetekoaren azken egunetan Britainia Handia Batasunetik ateratzeko prozesua abian jartzea. Esaten zuen ez zuela bere estrategia Parlamentuan aurkeztu behar, Bruselaren aurrean erabili beharreko argudioak agerian ez ipintzeko.

Epaileen erabakiak ezer aldatuko ez balu bezala, Mayk Europako agintariei esan die orain arte aurreikusita zuen egutegiari eutsiko diola.

Brexitaren aldekoak erabat haserretu zituen Auzitegi Nagusiko epaileen erabakiak, herritarrek aurtengo ekainaren 23ko erreferendumean agindutakoa indargabetzeko edo saihesteko bidea zabaltzen duelakoan. “Daily Mail” eta “Daily Express” bezalako egunkariek «herriaren etsai» deitu zieten hiru epaileei, «demokrazia hil zen eguna» aipatzeaz gain.

Liz Truss Justizia ministroak eta Bob Neill Parlamentuko Justizia Batzordeko presidente kontserbadoreak britainiar «Justiziaren independentzia mehatxatuta» ikusi dute.

Trussen adierazpenak

«Gure lege sistemaren oinarrian dago botere judizialaren independentzia eta gure Justizia mundu osoan errespetatzen dute bere independentziagatik eta inpartzialtasunagatik», adierazi zuen atzo Truss ministroak, makina bat politikarik eta hedabidek epaileak babestu ditzala exijitu ondoren.

Abokatuen Elkargoak ere Liz Truss estutu zuen, Brexitaren aldeko politikariek eta hedabideek Auzitegi Nagusiko epaileen aurka egin dituzten erasoak gaitzets ditzan.

Badirudi parlamentarien arteko eztabaidak amaiezinak izango direla eta hauteskunde berrien aukera ere aipatzen da.