Ariane KAMIO
DONOSTIA

Hollywoodeko komediaren urrezko aroa izango du ardatz Nosferatu zinema zikloak

Bihartik hasi eta datorren ekainaren 24ra bitarte luzatuko da Hollywoodeko komedia klasikoari zuzendutako zikloa. Bigarren urtez Tabakaleran egingo da bere osotasunean.

Screwball komedia «lehenengo genero zinematografiko feminista» dela iritzi dio Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezek, film horietan emakumeek duten garrantziaz ohartuta. Screwball Comedy delakoa Hollywoodeko komediaren urrezko aroa litzateke, 30eko hamarkadan hasi eta II. Mundu Gerra amaitu arte luzatu zena –nahiz eta ezin den zehazki aroaren datarik ezarri–. 1934an Frank Caprak zuzendutako “It Happened One Night” lana hartzen da abiapuntuko erreferentzia gisa. Kasik hondoak jota zegoen Columbia etxeak ekoitzi zuen filmak arrakasta betea lortu zuen eta Zuzendari Onenaren Oscar saria jaso zuen Caprak.

Zinema mututik sonorizaziorako bidean jauzi handia izan zen Screwball Comedy gisa ezagutzen dena. Egoera eszentrikoak, emakumeen paperen garrantzia eta egoerak eraldatzeko gaitasuna izan dira Hollywoodeko komediaren kontenedore handitik bereizten den adar horretako sorkuntzen ezaugarriak. Guztia, gainera, egoera sozial jakin batean kokatuta. 1929ko AEBetako krisi ekonomikoa eta herrialdea jasaten ari zen aldaketa demografiko eta sozialaren isla betea ziren. Garaiko gizarteak egoera ilun hartatik ihes egiteko lanak eskatzen zituela ohartu zen Hollywood, baina errealitateari bizkar eman gabe.

24 film

Bigarren urtez egingo da aurten Nosferatu zikloa Donostiako Tabakaleran, iaz Krzysztof Kieslowskiri eskainitako edizioaren ondoren. Bihartik hasi eta ekainaren 24ra bitarte luzatuko da aurtengoa, orotara 24 lanen emanaldiarekin. Donostia Kulturak, Euskadiko Filmategiak eta Tabakalerak elkarlanean Screwball Comedy delakoaren barruan sartzen den hautaketa zabala egin dute, film ezagunenez gain, horrelako ziklo batean ikusteko zailagoak diren lanak ere aukeratuz. Ikusleengana hurbilduko dituzte hainbat film, “Gau bat operan”, “Oporrak” edo “Urteko andrea” daude horien artean. Film guztiak bertsio originalean emango dira, euskarazko edo gaztelaniazko azpitituluekin.

Urtero bezala, aurten ere aztergai den gaiari buruzko argitalpen bi kaleratu dira. Carlos F. Herederok koordinatu du bata, eta Quim Casasek egin du bigarrena. Azken hori Haritz Gorrotxategik itzuli du euskarara. Sarrerak salgai daude dagoeneko.