GARA
BILBO

«Ama, nora goaz?» filma estreinatuko da Zinexiten

Aurten, bakearen eraikuntzan eta giza eskubideen alde emakumeek egindako lana hartu du ardatz Zinexit Bizikidetzaranzko VII. Zinema Erakusketak eta «Ama, nora goaz?» euskal dokumentalaren estreinaldiarekin emango dio amaiera gaur bere zazpigarren edizioari. Dokumental horrek 36ko gerran euren etxe eta herrietatik kanporatu zituzten euskal emakumeen bizipenak azaleratzen ditu, «80 urtez isilean gorde den historia», alegia.

Zinexit Bizikidetzaranzko Zinema Erakusketak gaur amaituko du bere zazpigarren edizioa, “Ama, nora goaz?” dokumentalaren erabateko estreinaldiarekin. 1937an, agintari frankistek Gipuzkoako 14 herritatik kanporatu eta, euren haurrak besoetan hartuta, nora joan ez zekitela alde egin behar izan zuten emakumeen bizipenak azaltzen dizkigu lanak. Filmaren zuzendari Iban Gonzalezek atzoko aurkezpenean azaldu zuenez, lanak nolabait parean jartzen ditu egungo siriar errefuxiatuen krisia eta 36ko gerran gudarien emazteek bizi izandako drama. Emanaldia 19.30ean hasiko da, Alondegiko Golem zinemetan, eta horren ostean, filmaren zuzendaria eta filmean bere lekukotasuna ematen duten emakumeetako batekin izango den solasaldian parte hartu ahalko dute ikusleek. Sarrera doakoa da toki guztiak bete arte eta leihatilan jaso behar dira.

“Ama, nora goaz?” prentsaurrekoan aurkeztu zuten atzo zuzendariak berak eta Karmelo Vivanco Baleukoko ekoizleak, Monika Hernando Lakuako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendariarekin batera. Azaldu zutenez, 80 urtean zehar 36ko gerraren gaineko «gertakari asko» liburuetan aztertu edo pantailarako egokitu diren arren, bada isilarazi den historia bat: «Kolpisten aldeko herrietako agintariek behartuta, beren herria utzi behar izan zuten emakumeena, negu gorrian haurrak hartu eta zeukaten guztia utziz, nora ezean jarritako gipuzkoar errepublikazaleen aldeko borrokalarien emazteena». Guztira, Gipuzkoako hamalau herritako mila emakumek alde egin behar izan zuten, hasieran Bizkaira eta gero Estatu frantsesera, «babes bila eta iritsiko ez zen errepublikazaleen garaipenaren zain». Zuzendariak eta Jon Gonzalo gidoigileak hura bizi izan zuten emakume batzuen lankidetza izan dute; garai hartan haurrak baino ez ziren emakume hauek, zehaztu zutenez, «muturreko babesgabetasun egoeran euren amek zuten ziurtasuna gogoratzen dute». Edurne Aizpurua, Lore Albizu, Margari Albizu, Josune Sasiain, Lide Balenciaga, Agate Sodupe, Tere Larrar, Itziar Sagarzazu, Matilda Aizpurua, Garbiñe Andonegi, Arantza Bullain eta Anita Usiain, Barbara Rivas eta Esther Remiro aktoreen laguntzarekin, kameraren aurrean jarri dira film honetan.