GARA
DONOSTIA

Arkeologiari diru laguntza handituko dio Gipuzkoak

Gipuzkoako Aldundiak %66 handiagotuko ditu 2017an –198.000 euroraino– lurraldean egiten diren ikerketa arkeologikoetara bideratutako diru laguntzak. Kultur diputatu Denis Itxasok agindutakoa betetzen bada, indusketetara eta bestelako lan arkeologikoetara bideratutako inbertsioak krisialdiaren aurreko maila berberetara itzuliko dira.

Kultura diputatu Denis Itxasok erabakiaren berri emateko agerraldia egin zuen atzo, Donostian, Gipuzkoako aztarnategi nagusietako zuzendariekin bater a: Alvaro Arrizabalaga (Lezetxiki), Xabier Peñalver (Basagain), Josu Etxezarraga (Sanpedroburu) eta Mertxe Urteaga (Arritzaga).

Itxasok esan zuenez, Gipuzkoan ondare arkeologiko garrantzitsua dago, eta 2017an lan horietara bideratzen diren diru partidak handituko dituela iragarri du. 2016an 131.000 euro jaso ditu arkeologiak –horietatik 30.000 zuzenean Praileaitzera bideratuak–, 42 proiektutan banatuta. Ikerketa horietako askok udal diru laguntzak ere jaso dituzte; Azpeitia, Azkoitia, Arrasate, Amezketa, Errenteria eta Eskoriat za, kasurako. Diru laguntzak jasoko dituzten erakundeen artean daude EHU, Aranzadi eta Arkeolan.

Haitzuloak

Agerraldian indusketetako zuzendariek ere hartu dute hitza. Lezetxikiko zuzendari Alvaro Arrizabalagak azaldu du Arrasateko haitzuloan duela 200.000 urteko gizakiaren aztarnak topatu direla eta jatorrizko arrokaraino iritsi direla indusketa lanak. Aurrerantzean, beraz, aztarnategiaren memoria argitaratzeko lanetan oinarrituko direla iragarri zuen.

Nolanahi ere, etorkizunean galeria sare berri bat ikertzeko asmoa dutela ere aipatu zuen. Lau metroko sakonera du espazio horrek eta «pronostikoen aurka» agertu ziren indusketa lanak egiten ari zirenean. Maila arkeologiko asko ditu eta gizakiaren presentzia ugaria da.

Xabier Peñalverrek –Debako Praileaitz haitzuloko indusketetako zuzendaria ere bada– Anoetako Basagainen izandako Burdin Aroko aurkikuntzez hitz egin zuen eta garaiko artzain eta nekazarien informazio ugari biltzea ere ahalbidetu duela gaineratu.

Josu Etxezarragak sei urte daramatza Sanpedroburun lanean, VII. eta IX. mendeetan datatutakoa. Leku horretan hainbat hilobi aurkitu direla azaldu zuen, horietako bat kristalezko lepokoa zeraman haur batena. Azkenik, Mertxe Urteagak Gipuzkoaren meatze iragana ekarri zuen gogora, horrela erakusten baitute erromatar garaiko esplotazioek. Berriki Arritzagan (Amezketa) aurkitutako Brontze Aroko meategi gune bat batu zaie. Kobrezko pieza bat aurkitu dute bertan eta horrek erakusten du duela 3.500 urte dagoeneko mineral hori urtzen zela toki horretan.