Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren lerroak

Musikari nagusi-buruzagia izateak bere onurak izango ditu, baina presioa larrutik ordaintzen da. Badira artistak, presentzia soilarekin, eurak bakarrik, gai direnak agertokia betetzeko, ez naiz ari ikusle kopuruaz. Agertu, agurtu eta jendea aho zabalik lagatzeko lehen unetik, txaloka. Karismadunen itzalean dauden taldekideek badakite zein lerrotan dauden. Batzuk jabetzen dira ahalegin guztiak eginagatik ez direla gorago iritsiko, nahiz eta musikari aparta izan. Bigarren lerroko artistak direla onartu, eta konturatu zure alboko musikariak dituela lider izateko zuntz guztiak, norberak ez duela balio horretarako edo ezin dela iritsi karisma maila handiagora. Normalki penaturik ohartzen da bigarren mailako musikari hori ezin dela gorago ailegatu. Transmititzeko eta komunikatzeko indarra beste batek duela. Izarraren itzalean egoten jakitea norberaren maila onartzean datza. Zerk ematen duen karisma, nola kudeatu eta zein jarrera hartu, hor dago gakoa. Bigarren lerrokoak ez du aurpegia ematen, eta karismadunak lortutako loria eta txaloak berarentzat izango balira bezala jasotzen ditu. Nola egiten da jeinua izateko, non ikasten da talentua? Artistak jakin behar du nor den, non dagoen eta zertara doan publikoaren aurrean dagoenean. Artistak badaki ezin duela mundu guztia zoriontsu egin, asko kontra izango dituela. Gauzak ongi doazenean gurdira igoko dira, liderrak tiratuta. Norberak jakin behar du zein lerrotan dagoen.