Andoni ARABAOLAZA
HIMALAIA

Bide berri, oso zuzen eta gogorra Thalay Sagar mendiko ipar horman

Irailaren 9tik 17ra Sergei Nilov, Dmitri Golovtxenko eta Dmitri Grigoriev errusiarrek «Moveable feast» marra sortu zuten. Guztira1.400 metro berri eskalatu zituzten honako zailtasunekin: M7, WI5, 5c eta A3 (6B errusiar eskalan). Jaitsiera ohiko bidetik egin zuten.

Sergei Nilov, Dmitri Golovtxenko eta Dmitri Grigoriev errusiarrek Thalay Sagar mendiaren (6.904 metro, Indiako Himalaia) ipar aurpegian egin zuten jardueraren inguruko artikulu hau prestatzen ari ginen bitartean, Ekaitz Maizek iaz mendi eta horma berean beste lau kiderekin eginiko espedizioaren emanaldiaren irudiak ikusteko aukera izan genuen. Etxauriarrak errusiarren inguruan hitz egin zuen: «Kasualitatea ala ez, guk Thalay Sagar mendian eskalatu nahi genuen bide bera igotzeko aukera izan dute errusiarrek. Marra hori gure xedea zen, baina, paretaren baldintzak ikusita, guk eskuinaldera dagoen zutoinera jo genuen. Zalantzarik gabe, hirukote errusiarrak egin duena txapela kentzeko modukoa da».

Bai, lerrootako protagonistek alpinismoaren komunitatea ahoa bete hortz utzi dute horma tente eta hotz horretan bide zuzen-zuzena eta gogorra sortu eta gero. “Moveable feast” marra sortzeko bederatzi egun behar izan zituzten; hain zuzen ere, irailaren 9tik 17ra.

1.400 metro horiek eskalatu ahal izateko, lan eskerga behar izan zuten egin; izan ere, tarte zailak gainditu zituzten. Zailtasun teknikoei dagokienez, honako proposamena aurkeztu dute: M7, WI5, 5c eta A3. Oro har, errusiar eskalan 6B zailtasuna du; hots, gurean ED2 dena.

Ez da lehen aldia alpinista errusiarrok orriotatik pasatzen direna. Eskarmentu eta maila handikoak dira, eta, adibidez, haien patrikan dute iazko Errusiako Urrezko Pioletaren saria Sedov Strazh mendiaren (5.481 metro, Txina) ipar-ekialdeko aurpegian eginiko jarduerarengatik.

Golovtxenkok aurreratu du harrituta geratu zirela marra hori igo gabe zegoela ikustean: «Ustekabe handia hartu genuen. Lindsay Griffinek ipar horma horrek jaso dituen bide guztien inguruko argazki bat bidali zidan. Eta ohartu ginen soilik ibilbide horren zatitxoren bat eskalatuta zegoela. Jakina, hura osorik eskalatzeko erabakia di-da batean hartu genuen».

Alpinista honek bide berriaren inguruko zehaztapen gehiago eman ditu: «Lehen 500-600 metroak izotza eta elurra duten aldats tenteak dira. Ondoren, arrokan buru-belarri sartzen zara. Lehen tartea oso tentea da, eta artesiz jositako sistema hura izotzarekin beteta zegoen. 200 metroko sekzio horrek bi eguneko lana eskatu zigun. Haizearengatik eta eguraldi txarrarengatik tarte bertikalenek izotz asko zuten. Hori guztia gaindituta, arrokazko beste murru bati ekin genion. Mistoko eskalada izan zen, 70-80 graduko aldatsekin; guztira, 300-400 metro. Denda altxatzeko antolatu genuen erlaitz batean, izotzean lan gogorra behar izan genuen, tresneria aurkitu genuen: sokak eta eskalada artifizialerako materiala. Uste dugu 1994. urtean espedizio italiar batek han utzitakoa dela. Goiko murruan, berriz, beltz koloreko harkaitzarekin egin genuen topo. 110 graduko eroria du eta haren kalitatea oso txarra da. Sekzio hori saihesteko, alternatiba bat bilatzen jardun genuen, baina alferrik. Azkenean, tarte hori zuzen-zuzen igo genuen. Gailurretik gertu dauden elurrezko aldatsak gainditu eta tontorra zapaltzeko gai izan ginen. Jaitsiera, berriz, bide klasikotik egin genuen. Mendian zegoen Indiako espedizio batek utzitako soka finkoak erabili genituen».

Hamakarik ez

Horixe da, beraz, Golovtxenkok egin duen aurkezpena. Hala ere, protagonista honek aurreratu du Thalay Sagar mendia ez zela aurten egin duten espedizioaren lehen xedea: «Berez, Nepalera joatekoak ginen, baina behar adina dirurik ez genuen. Kasualitate hutsa izan da! Thalay Sagar mendiaren historia nahiko laburra da. Lehen igoera 70eko hamarkadakoa da. Ondoren, bizpahiru bide berri sortu ziren. Eta 2003. urtean, maiatzetik urrira, bost espediziok jardun zuten. Hamar marra baino gehiago daude, baina apenas errepikatzen diren. Guk geuk bide segurua, ederra eta zailtasun iraunkorrekoa, eskalatu nahi genuen, eta uste dugu lortu dugula».

Egungo beste espedizio askok ez bezala, errusiarrek nahiko isilean mantendu zuten beren espedizioa. Beste era batera esanda, etxera itzuli arte ez zuten eginiko eskaladaren berri eman. Golovtxenkok dio erabaki hori oso argi zutela: «Hedabideen zein publikoaren aldetik ez genuen inolako presiorik jasan nahi. Jakin banekien nire taldekideek %100a emango zutela, eta izaera honetako bide bat zabaltzeko jakin bagenekien erabat kontzentratuta behar genuela egon. Beraz, gauean paretan zintzilik geundenean, geure helburua den-dena ondo antolatzea zen. Eta horregatik informatzeari uko egin genion».

Denera, 1.400 metro berri eta 22 luze eskalatu zituzten. Protagonistok onartu dutenez, ipar horma horren ageriko kontrahorma eskalatu nahi zuten: «Thalay Sagar mendiaren ipar hormaren argazkia jaso genuenean, kontrahorma horretan bideren bat sortzea otu zitzaigun. Haren ezkerretik sartu ginen. 2016. urtean gaude, eta, harrigarria bada ere, agerikoa den kontrahorma hori oraindik igo gabe zegoen. Beno, zatiren bat bai. Edozein alpinistaren helburua da, baina hura igo gabe ikustea, zalantzarik gabe, opari ederra izan da. Thalay Sagar gure ‘B plana’ zen, hara abiatu ginen, marra eder hori sortzeko gai izan ginen... Eta, jakina, ez zigun huts egin. Azken urteotan, hirurok ala hirurok hainbat espedizio partekatu ditugu. Eta Thalay Sagar mendikoak orain arte egin ditugun jarduera guztiek jasotzen dituzten irizpide berdinak izan ditu. Agian, orain dela hamar urte beste irizpide batzuk erabiliko genituen. Baina argi dugu seimilako horretan egin dugun lana perfekziotik gertu dagoela».

Arestian aipatu dugu, etxera itzuli arte errusiarrek Indiako Himalaiako seimilakoan egindakoaren berri ez zutela eman. Alabaina, Golovtxenkok onartu du teknologia berriak ez zituztela baztertu eta eguraldi iragarpenak jaso zituztela: «Satelite bidezko telefonoa eraman genuen. Egun batzuetarako iragarpena jasotzen genuen; oro har, ez zuen beti asmatzen. Baina uste dut horren berri edukitzea geure segurtasunerako lagungarria zela. Kanpaleku nagusian zegoen Indiako espedizioa behin baino gehiagotan guregana hurbiltzen zen eguraldiaren berri jakin ahala izateko».

Azpimarratzeko modukoa da hirukote errusiarrak Thalay Sagar mendiaren ipar horma hamakak erabili gabe igotzea zuela helburu: «Orain arte hormatzar horretan jardun duten talde guztiek hamakak erabili zituzten. Guk, aldiz, hori saihestu nahi genuen. Jakin badakigu hamaka bat paretan zintzilikatzea errazagoa eta azkarragoa dela, baina kontuan hartu behar da ere 10-12 kiloko pisua duela hamaka batek».

Aipatu dugu ere, Nilov, Grigoriev eta Golovtxenkok bide klasikoa aukeratu zutela jaitsiera egiteko, ez beraiek sortutako bidea: «Indiarrek jarritako soka finkoak erabili genituen, baina uste dugu sei milako horretan egin dugun ‘zeharkaldiak’ ere bere garrantzia duela. Gu, bederen, pozarren gaude».