GARA
DONOSTIA

Baliza elkartea arduratuko da Orion udaberriko galdeketa antolatzeaz

Beste udalerri askok bezala, hitzordua du hautetsontziekin Oriok. «Denon artean erabakitzea da hobeto bizitzeko bidea», defendatu dute.

Oriok, 2017ko udaberrian galdeketa egiteko lekukoa jaso du, azpeitiarren eskutik, Urola Kostako beste zazpi udalerriekin batera (Azkoitia, Errezil, Zestoa, Aizarnazabal, Zumaia, Getaria eta Zarautz). Hautetsontziekin hitzordua bideratzeko, hain zuzen, Baliza elkartea sortu berri dute herrian; «elkarte anitza eta

irekia», aurkezpenean sustatzaileek adierazi zutenez. Herritar guztiei zabalik egongo da, hala baieztatu zuten, «bakoitzaren pentsaera eta sentsibilitatea errespetatuz, elkarrekin bat egin dugu herri galdeketa hau aurrera eramateko».

Datozen hilabeteotan lana badute, besteak beste, sinadurak bildu, galdera adostu, ekitaldiak

antolatu… eta, bereziki, «Orion erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera eta ilusioa zabaltzea izango da erronka». Zeregin horretan «bidelagunak» beharrezkoak izango direla ohartarazi zuten, eta jada jaso dituzten babes guztiak eskertu zituzten: herriko elkarte, eragile eta norbanako ugarik bat egin baitute ekimenarekin. «Zuen guztiongandik jasotzen ari garen babesa da gure Balizaren oinarria; elkarrekin lan eginez lortuko dugu datorren udaberrian Orion galdeketa egitea», adierazi zuten, baikor.

Erabakitzea, gakoa

Orioko Gure Esku Dago herri ekimena lanean aritu da erabakitzeko eskubidearen alde, eta ekitaldi ugaritan parte hartu du. «Borondateak ehundu, bidea adostu eta etorkizuna erabaki, horixe da, Gure Esku Dago herri ekimenaren oinarria. Orain etorkizuna erabakitzeko herri galdeketaren olatura igotzeko garaia iritsi da; gaurtik aurrera erabakia aldarrikatzetik herritarrei hitza ematera pasatu nahi da». Defendatu zutenez, «erabakitzeak egiten gaitu herri; erabakitzeak elkarrizketari begira jartzen gaitu; eta erabakitzeak elkar onartzea eta errespetatzea ekartzen digu. Elkarren artean erabaki zer izan nahi dugun, hobeto bizitzeko», adierazi zuten. Orio martxan da, beraz.