Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Garapen Kontseilua, Euskal Elkargora egokitzeko prest

Azken 20 urteotan Hautetsien Kontseiluari lotuta lanean aritu den Garapen Kontseiluak Euskal Elkargoari ere gizarte eragileen proposamenak helarazten segitzea du xede. Horretarako moldaketak egingo ditu.

Gizarte zibilaren eta hautetsien arteko elkarlana sustatzeko eta demokrazia parte hartzaileari bultzada berria emateko xedeek berebiziko garrantzia izaten jarraitzen dute Garapen Kontseiluarentzat. Horregatik, bere egitekoa 2017aren hasieran abian jarriko den Euskal Elkargoarekin nola uztartu aztertzen aritu da azken hilabeteetan.

Lurralde antolaketa berriaren oinarrian dagoen NOTRe legeak berak ere aurreikusten du bi egituren arteko lankidetza. Are, orain artean Hautetsien Kontseiluak bete duen delibero instantziaren funtzioa Elkargoak beteko du 2017tik aitzina. Horrenbestez, ezinbestekoa zaio beharrezko egokitzapenak egitea, betiere bere egiteko nagusia mantenduz (alor ugaritan lanean diharduten eragile sozialen iritzi eta proposamenak erabakitze ahalmena duten hautetsiengana helaraztea).

Ildo horretan, datorren astelehenean Garapen Kontseiluko Zuzendaritza Batzordeak onartutako planteamendua jakinaraziko dio elkargo berriaren Gidaritza Batzordeari. Bi hitzetan esateko, elkarte autonomo bezala funtzionatzen segitzea lehenetsi du, nahiz eta erakunde berriarekin fusionatzeko aukera ere zabalik zegoen.

Lantzen dituen proiektuak onartu eta egitura finantzatzeko ardura nagusia Euskal Elkargoarena berarena izango da, baina, Caroline Phillips Garapen Kontseiluko presidenteak adierazi zuenez, «beste erakundeetatik ere finantzabideak erdiesteko» ahalegina egingo dute. Barneko funtzionamenduan ere moldaketak egingo dituzte, besteak beste, «teknikari edo tokiko animatzaile lanetarako» langile berriak bilatuz. Izan ere, egun Garapen Kontseiluan lanean ari diren hamar lagunetatik sei Euskal Elkargora pasako dira.

Barne-egituran ere egokitzapenak planteatzen dira, orain arteko kolegio edo arlo zehatzetatik kanpo hain egituratuak ez dauden beste gizarte eragileen parte hartzea bermatzeko.

Foroa, abenduaren 9an

Elkargo berriaren sorreraren harira, demokrazia parte hartzailea eta eztabaida publikoa bultzatzeko helburuarekin foroa antolatu du abenduaren 9rako, Baionako fakultatean. Aurretik izena ematea eskatzen da.