GARA
DONOSTIA

Nafarroatik Palestinara, erlikia faltsuen trafikoan aritzera

Bere «Erdi Aroko etxe literariora» itzulita, XII. eta XIII. mendeetako gurutzadetan oinarritu du Toti Martinez de Lezeak «Esne eta eztizko lurra» eleberria. Helduentzat idazten duen hogeitabigarren nobela honetan, Antoñanako Ianitz Palestinara bidaliko du Nafarroako Tibalt I.a erregearen armadarekin batera. Baina Ianitzek bestelako bidea hartuko du: erlikia faltsuen trafikoan sartu eta arrotzak zaizkion bizimolde, jende eta lurrak ezagutuko ditu.

Aurreko biekin (“Enda Lur” eta “Isilpean gordea”) egin bezala, Erein argitaletxeak batera argitaratu ditu Toti Martinez de Lezearen azkenengo eleberria eta honen euskarazko itzulpena. «Egia esan, esfortzu berezia da guretzat –aitortu zuen editorialeko kide Inazio Mujikak–, baina bere lanek badute estimaziorik euskaraz», ziurtatu zuen.

“Esne eta eztizko lurra” eleberrian (“Tierra de leche y miel” gazteleraz), egile gasteiztarra «bere Erdi Aroko etxe literariora» itzuli dela gaineratu zuen Mujikak eta, hala, XII. eta XIII. mendeetako gurutzadetan finkatu eta erlikien trafikoan oinarritutako abenturazko kontakizuna osatu du: 1238. urtean, Nafarroako Tibalt I. erregearen aginduz, Palestinarako bidea hartu beharko du Antoñanako Ianitz Ruizek, baina laster baztertu beharko ditu heroi eta aberats bilakatzeko asmoak. Izan ere, patuak erlikia faltsuen trafikoan aritzera eramango du etxera itzultzeko bitartekoak eskuratu ahal izateko, eta, bidaia horretan, arrotzak zaizkion lurralde, jende eta bizimoldeak ezagutuko ditu.

«Abentura eta pikareska liburua da, umorea ere tartekatzen duena, eta Totik mendeku polit bat hartzen du amaierarekin...», bota zuen amua Mujikak.

Kontakizuna Palestinan kokatzean, «horrenbeste sufrimendu pairatzen ari den lurralde horri» keinu egin nahi izan diola aipatu zuen Martinez de Lezeak. «Bertara lotzen nauten hariak baditut, ezagutzen dut lur hori, eta uste dut europarrak hara lapurretara joan izan direla, ez inor liberatzera; garaian, ibaiak esne eta eztizkoak zirela uste zutelako joan ziren», esan zuen egile gasteiztarrak.

Era berean, erlikia faltsuen gaia «betidanik» interesatu izan zaiola nabarmendu zuen. «Diru asko ordaindu izan da erlikia faltsuengatik. Dragoien haginak direla, San Joseren hasperen ontziratuak, azken afariko mahai-zapia… Ez zen erlikiarik gabeko elizarik santutzen. Betidanik iruditu zait interesgarria erlikia zentzugabe horien trafikoa, nola sortu diren horien atzeko istorioak, jendeak nola sinetsi dituen itsu-itsuan eta nola izan diren ohoratuak», ziurtatu zuen. Ianitz protagonistak ere objektuak erlikia bilakarazteko istorioak asmatu beharko ditu, edo istorioekin bat egiten duten objektuak bilatu (dragoiarena izan daitekeen hagina, esaterako), eta pertsonaiarengan ere emango dira aldaketak. «Beduinoekin batera biziraun beharko du, judutarren bizimoldeak ezagutu, bertako lurrak zeharkatu eta hizkuntzak ikasi... Bidaia polita izan da niretzat ere, nobelan kontatzen diren hiru urte horietan pertsonaian aldaketak barneratu baititut», esan zuen, eta, hain justu, eleberri honekin helburu horixe zuela, «dibertitzea», aitortu zuen: «Iaz, Gerra Zibilaren kontakizunarekin [“Isilpean gordea”], etengabe hor dagoen min horren gainean idatzi nuen, eta horrek esfortzu handia eskatu zidan. Honekin dibertitu egin nahi nuen».

Kontakizun garaikidea

Errealitatean eta leku eta garai historiko zehatz batean kokatua bada ere, «goitik behera» fikziozko kontakizuna dela zehaztu zuen idazleak, baina garaira egokitzeak «dokumentazio lan handia» eskatu diola azaldu zuen: «Lana izan da, idazten ari nintzen bitartean xehetasun asko begiratu behar izan ditut-eta. Entziklopedia bikainak ditudan arren, oraingo honetan Internet dezente baliatu dut», aitortu zuen. Zentzu horretan, mapak eta argazkiak ikusteak lagundu diola esan zuen, «ezagutzen ez ditudan gune asko baitira tartean, eta horiek irudikatzeko erreferentziak behar dira».

Ereineko editoreak, bere aldetik, eleberriaren «gaurkotasunari» egin zion erreferentzia: «Iraganean oinarritutako eleberriak egiteak ez du esan nahi Toti egungo errealitatetik aldentzen denik –ziurtatu zuen Mujikak–, badago iraganean kokatuta gaur egun gertatzen denaz hitz egiteko modurik, eta hori egiten du Totik. Gainera, eleberri oso dokumentatua da, irakurketarekin gozatzeaz gainera iraganeko kontuak ikasteko aukera ematen diguna».