GARA
DONOSTIA

Ferranteren tetralogiako bi lan gehiago euskaratu ditu Igelak

Elena Ferranteren «Adiskide paregabea» tetralogiako bigarren eta hirugarren liburukiak euskarara ekarri ditu Igela argitaletxeak. Bi lagunen harremaneko gorabeherak lehentasun dituen lanen gaztaroa eta bitarteko adina dira obra bi horietako denbora tarteak.

“Adiskide paregabea” tetralogiako bigarren eta hirugarren liburukiak euskarara ekarri ditu Igela argitaletxeak “Abizen berriaren historia” eta “Ihesi doana eta gelditzen dena” lanetan, . Orain gutxi arte anonimotasunean mantendu de Elena Ferrante idazlearenak da obraren egiletza. Iaz Fernando Reyk egin zituen itzulpen lanak bildumako lehenengo zatiarekin –“Adiskide paregabea”– eta bigarren eta hirugarren lanak euskarara ekarriak izan dira orain.

Elena Ferrantek bi emakumeen adiskidetasuna ardatzean jartzen du 2010etik atzera begira jarrita idatzia dagoen kontakizunean. Lina Cerullo “Lila” du protagonista, Elena Greco “Lenù”ren adiskidea. Nobelan zehar, bi emakumeon arteko harremanak eta 50-60 urteko tartean izandako tirabira guztiak nola gertatu ziren kontatzen du lau aldi bereizita liburu banatan. Reyk euskaratutako hasierako lanak bi lagun horien haurtzaroa du oinarria, eta atzo aurkeztu zirenetan gaztaroa eta bitarteko adina edo helduaroranzko bidea dira tarteko helmugak. Bien arteko harremana foku nagusia bada ere, Napoli hiria du kokaleku nagusi eta garaian garaiko gizartearen ikuspuntua ere eskaintzen du autoreak, bi emakumeek duten protagonismoari gehitzen zaizkienak.

Badira hilabete batzuk Ferrantek anonimotasuna galdu zuela. Izen atzean nor zegoen jakin zenean, hona autoreak Twitteren idatzitakoa: «Bai, ni naiz Elena Ferrante. Baina horrek, nire ustez, ez du ezertan aldatzen irakurleek Feranteren liburuekin duten harremana. Liburu hauek Elenarenak izango dira hemendik aurrera ere, ez nireak. Ez dut lehen pertsonan hitz egiteko inolako asmorik, eta ezta elkarrizketa edo adierazpenik egiteko ere. Gauza bakarra eskatu nahi nuke, urtetan iraun duen jakin-mina ase denean: bakean bizitzen (eta idazten) uzteko. Berriro diot: ez dut sekula gehiago hitz egingo Elena Ferranteri buruz, ez dut erantzungo haren izenean, ezta ezertxo ere esango haren liburuei buruz. Mila esker, Anita Raja».