Martxelo DIAZ
IRUÑEA

«Azeleragailua sakatzeko» eskatu dio Kontseiluak Nafarroako Gobernuari

Aurrerapausoak izan direla onartu eta gero, euskararen normalizazioaren bidean «azeleragailua sakatzeko» eskatu dio Kontseiluak Nafarroako Gobernuari. 29/2003 foru dekretua aldatzea premiazkoa dela nabarmendu zuen Paul Bilbao idazkari nagusiak.

Azkenaldian aurrerapausoak izan direla onartu bazuten ere, euskararen normalizazioaren arloan «azeleragailua sakatzeko» eskatu zion Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok Nafarroako Gobernuari. Horrez gain, «Vascuencearen Legearen» 30. urteurrena dela-eta ekitaldia egingo dute hilaren 15ean, Iruñeko Condestable jauregian.

29/2003 foru dekretua aldatzea da, adibidez, Kontseiluak egiten duen eskarietako bat. Bilbaok nabarmendu zuenez, Lan Eskaintza Publikoaren aurkako epaia dekretu honetan oinarritzen da. Aldaketa hau urgentziazkoa dela nabarmendu zuen Bilbaok, Gobernua horretan lanean ari dela gaineratu zuelarik.

Nafarroako Gobernuak egin dituen gauza positiboen artean, Euskararen Plan Estrategikoa onartzea aipatu zuen Bilbaok. «UPN Gobernuan egon den urte guztietan hizkuntza politika planifikatua izan dela esan izan dugu behin baino gehiagotan, eta horrela da, baina politika hori ez da inoiz euskararen normalizazioaren aldekoa izan, oso kontrakoa baizik», gaineratu zuen. Horregatik, Plan Estrategikoa onartu izana eta Euskalgintzarekin harremanetan egin izana txalotu zuen.

Horrekin batera, baliabideak handitu direla aipatu zuen elementu positiboen artean. «Idortua dagoen lurrean euria hastea da hori, ibaia sortzea izan behar dugu helburu», esan zuen.

Halere, Gobernuaren jarduerak alde ilunak badituela esan zuen. Horien artean, aipatu zuen Plan Estrategikoaren «idazketa lausoa» dela, baliabideen hazkundea handiagoa izan beharko litzatekeela eta foru dekretua aldatu behar dela.

Horiek horrela, Kontseiluak herriz herri abiatuko den dinamika martxan jarriko du 2017. urtean zehar. AEK-ko Xabier Gartziak azaldu zuenez, «Euskalgintzak herritarren eskaria aktibatuko du Gobernuari eta Legebiltzarrari zonifikazioa gainditu eta Nafarroako herrietan euskara ofizial izendatzeko eskatuz». Euskaraz bizitzeko eskubidearen aldarrikapena izango du ekimenak.

«Euskaraz bizitzeko eskari sozial zabala bistaratu eta udalei ofizialtasunaren aldeko posizioa hartzea eskatuko diegu», adierazi zuen.