GARA
BAIONA

Elikagaien Bankuaren bilketaren zati bat, ostua

Joan den astean Ipar Euskal Herriko Eligaien Bankuak egindako bilketaren kontainer batetik 600 kilo elikagai lapurtu zituzten ostiraletik larunbatera arteko gauean.

Edukiontzia Tarnoseko Carrefour salguneko aparlekuan zegoen astelehenean Elikagaien Bankuaren biltegira lekualdatzeko zain. Bertan zeuden kontserba eta beste elikagaien %30 bat ostu dietela kalkulatu dute. Louis Mendiboure elkarteko presidenteordeak adierazi duenez, lapurtzen dieten lehen aldia da.

Ia 100 tona

Ebasketa gorabehera, aurtengo bilketarekin pozik agertu da. Beren helburua (100 tonara heltzea) erdietsi ez badute ere, oso gertu ibili dira: «Orain artean 95 tona jaso ditugu, baina bilketa guztiak ez dira oraindik pisatu».