Ion SALGADO
GASTEIZ

Dispertsioaren aurkako zapi kateak eratuko ditu Etxeratek hilaren 10ean

Datorren larunbatean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, zapi kateak eratuko ditu Etxerat elkarteak Gasteiz, Iruñea eta Baionan euskal presoek eta haien senideek pairatzen dituzten eskubide urraketak salatzeko.

Abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, zapi kateak eratuko ditu Etxerat elkarteak Iruñea, Gasteiz eta Baionan euskal presoek eta haien senideek pairatzen dituzten eskubide urraketak salatzeko. «Zapi kate hauekin pertsona guztien eskubideak errespetatuak, aitortuak eta ezarriak izateko beste lanegun bat bihurtuko dugu Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna, konpentsazio eta baldintzek lekurik izan ez dezaten», azaldu zuten Patricia Belezek eta Naike Diezek.

Nabarmendu zutenez, «espainiar eta frantziar estatuei bide luzea geratzen zaie giza eskubideen errespetua eta haien aitortza bermatzeko. Eta are bide luzeagoa geratzen zaie giza eskubideen ezarpen unibertsala eta eraginkorra egiteko». «Egungo dispertsio politikarekin, euskal gizartearen zati baten eskubideak trukerako txanpon bilakatu dira. Dispertsioarekin, 27 urte bete dituen salbuespeneko espetxe politika batekin, izaera unibertsala kendu diete giza eskubideei eta sari eta zigorren joko pribatu bilakatu dituzte estatu espainiar eta frantsesak», gaineratu zuten.

«Guk, euskal herritarrok, sari eta zigorren joko hau martxan nola jartzen den ikusten dugu, istripu berri batek zauritu eta erakundeengana joaten garen bakoitzean, gure eskubideen urraketa salatzen dugun bakoitzean, dispertsioak umeengan dituen ondorioak salatzen ditugun bakoitzean. Hori ikusten dugu, indar politiko batzuek gure kartzelatutako senideekin nola jokatu behar dugun adierazten digutenean», esan zuten. Gizarte eta eragile ezberdinen laguntza eskatu zuten. Bestalde, herri askotan ohiko presoen aldeko mobilizazioak izan ziren iluntzean. Antzuolan, elkarretaratzean 31 lagun izan ziren, Mutrikun, 55; Garesen, 25; Lekeition, 101; Bergaran, 55; Oñatin, 50; Deban, 46; Lizarran, 37; Zarautzen, 147; Mundakan 19; Agurainen 31; Lazkaon, 82; Durangon, 76; Iruñean, 175; Legorretan, 17; Hondarribian, 40; Arbizun, 54; Algortan, 50; Hernanin, 180; Barañainen, 36; Ondarroan, 157; Gatikan, 10; Errenterian, 188; Galdakaon, 93; Gasteizen, 330; Lezon, 24; Ugaon, 47; Andoainen, 45; Tafallan, 40, eta Donostian, 103. Ildo beretik, ostegunean, Antsoainen 18 lagun bildu ziren presoen aldeko protestan; Arrosadian, 10; Eibarren, 55; Iturraman, 26; Txantrean, 45 eta Burlatan, 63.