GARA
DONOSTIA

Korapilo asko askatu eta bidea marraztu dute Azpeitian

«Gure mugak ukitu ditugu eta elkar ulertu eta hurbiltzeko dantza batean murgildu gara». Horrela laburbildu dute Azpeitiko bizikidetza foroko kideek bi urte luzeko ibilbide oparoa.

Azpeitiko bizikidetza foroak bi urte eta erdiko ibilbideari amaiera eman zion ostegunean, eta parte-hartzaileek Sanagustin kulturgunean zenbait herritarren aurrean euren arteko elkarrizketa prozesutik eratorritako ondorioak aurkeztu zituzten.

Azaldu zuten hilabete hauetan «aurreikusitako zenbait korapilo askatzeko saiakera zintzoa» egin dutela, eta beraien artean eraikitako konfiantza eta errespetuak «bide konplexu eta korapilatsu honi ekitea» ahalbidetu diela. «Gaien arteko loturak ikusi ditugu, gure mugak ukitu ditugu eta elkar ulertu eta hurbiltzeko dantza batean murgildu gara», laburbildu zuten, eta bide horretan partekatu dituzten zenbait hausnarketa aipatu zituzten agerraldian.

Nabarmendu zuten, adibidez, «sufrimendua oraindik oso bizirik» dagoela, eta «gaur egun ere sufrimendu berriak eragiten jarraitzen» dela, eta ondorioztatu zuten «gizarte bezala autokritika egin beharra dugula». «Norberak barrura begiratu, gaizki egindakoa eta egin ez duguna aztertu eta ondoren jarrerak aldatu», iradoki zuten, gaineratuz «egiten ditugun keinuek, ematen ditugun urrats txikiek gure ingurunean eragina» izan dezaketela. Gainera, «gizarte honetako kide bezala ere, biktimekiko dugun zorra» aitortu nahi izan zuten, beren ustez ez baitute egin «egin beharreko guztia».

Esparru honetan, eta «biktima desberdinek babes eta elkartasun sozial eta instituzional maila desberdinak izan dituztela» gogorarazita, adierazi zuten beraiek «biktima guztiak» bere egin nahi dituztela, «giza eskubideak urratu zaizkien pertsonak eta sufrimendu injustu eta bidegabeak pairatu dituzten pertsona guztiak: hildakoak, umezurtzak, alargunak, mehatxupean bizi izandakoak, bahituak, askatasunik gabe bizi izan direnak, tortura sufritu dutenak, justifikaziorik gabe atxilotuak...». «Biktima guztiei aitortza, egia, justizia, eta erreparazio eskubideak dagozkie», esan zuten foroko kideek.

Bestalde, herri honetan jazotakoa «ulertze aldera, baina ez justifikatzeko, guztiaren azpian izan den gatazkaren izaera politikoa onartu» dutela azaldu zuten, «nahiz eta bakoitzak ematen dion garrantzia desberdina izan», eta gatazka politikoaren muinean «estatuarekiko harreman marko juridiko propioa askatasunez erabakitzeko aukera eza» dagoela esatean ados daude, eta onartzen dute gatazka honetan «indarkeria mota desberdinak» izan direla.