Mikel JAUREGI
Saskibaloia

Pablo Prigioni etxera dator

Baskoniarekin denboraldia amaitu arteko kontratua sinatu du Rio Terceroko joko-antolatzaile beteranoak, taldea utzi eta lau urtera.

Urte sasoi honetako topiko tipikoa izango da, baina ezin hobeto erakusten du Saski Baskoniak atzo emandako berriaren nondik norakoa: «Badator etxera Eguberrietarako». Ezin baita modu egokiagoan ulertu Pablo Prigioniren fitxaketa, etxean bueltan den seme kuttunaren irudiarekin baino, alegia. Denboraldia amaitu arteko kontratua sinatzeko akordiora iritsi dira Rio Tercerokoa eta Gasteizko taldea.

Ohar labur batean jakinarazi zuen Saski Baskoniak Prigioniren fitxaketa: taldean iraganean egindako zazpi urteetan (bi garaitan banatuak) lortutako txapelketak gogoratu eta abenduaren erdialdera aurkezpen agerraldia egingo dutela iragarri zuen, eta «ongi etorri etxera, Pablo» sentitua gaineratu.

Ordu batzuetara, joko-antolatzaile beteranoak (40 urte egingo ditu maiatzean) ikus-entzunezko mezua igorri zuen bere poza agertzearren: «Baskoniako jarraitzaile guztiak agurtu nahi ditut. Klubera itzulita oso-oso pozik nagoela esan nahi dizuet, hirira iritsi eta taldearekin bat egiteko gogo biziz. Egia esan, oso denboraldi ona egiten ari dira, jokalari handiak ditu, entrenatzaile bikaina... eta bueno, hara ailegatu eta taldeari ahal dudan guztian laguntzen hasteko irrikaz nago. Jakina, klubari eskerrak eman nahi dizkiot beste behin nigan konfiantza jarri duelako. Besarkada bat guztiontzat, laster ikusiko dugu elkar».

Ikono baskonista

Publiko egin bezain pronto, berriak sekulako oihartzuna izan zuen baskoniazaleen artean eta komunikabide eta sare sozialetan (eta ez soilik Euskal Herrikootan). Ez baita nolanahikoa Prigioniren itzala saskibaloian: Europan egin zituen urteetan kontinenteko joko-antolatzaile onenetakoa bilakatu zen eta ibilbide horrek 2012an NBAko ametsaren atea zabaldu zion, inork gutxik –bere adinagatik, batik bat– uste zuenean.

Arrasto hori are nabarmenagoa da Arabako taldearen jarraitzaileen artean, eta ez soilik poltsikoratutako garaikurrengatik (Baskoniaren arorik distiratsueneko protagonistetako bat da, Scola, Splitter, Nocioni, Calderon, Macijauskas, Rakocevic eta enparauekin batera): argentinarraren ezin menderatuzko izaera hori ezin hobeto ezkontzen baita “Baskonia izaera” sonatuarekin eta horregatik –eta jokoa ikusteko eta ikusitakoa kantxaratzeko duen gaitasun apartagatik– dute hain maitatua Buesa Arenako harmailetan (Real Madrilen egin zituen bi urte haien salbuespenarekin, jakina).

AEBetara jauzi egin zuenetik, baina, lau urtetik gora igaro dira. Lau denboraldi, hiru talde (New York Knicks, Housten Rockets eta Los Angeles Clippers) eta 270 neurketa. 40 urte betetzear da eta horrek sor dezake zalantzarik bere egoera fisikoari dagokionez. Baina zaleen artean ilusio ikaragarria sortu du fitxaketak, kantxan eman dezakeenaz harago ulertzen baitute Prigioniren ekarpena.

Rockets-eko agintariek denboraldi-aurrea bukatutakoan esan zioten ez zuela taldean segituko. Ordutik Argentinan zen, «dei erakargarriren baten zain». Baskoniako presidente Josean Kerejetarena jaso duen arte.