GARA
SEUL

Parlamentariek abian jarri dute Hego Koreako agintariaren kargugabetzea

Park Geun-hye Hego Koreako presidentea kargugabetzea helburu duen mozioa atzo erregistratu zuten Parlamentuan. Konstituzioa urratu izana leporatzen diote agintariari. Baita ustelkeriaren eta jauntxokeriaren aurka herritarrak babestu ez izana ere.

Gaur bertan bozkatuko du Batzar Nazionalak aipatu mozioa. Parlamentuak argi berdea ematen badio proposamenari, Konstituzio Auzitegiak aztertu eta onartu beharko du. Hori gertatuz gero, Park Historia liburuetan agertuko da hauteskundeetan agintea lortu ondoren bere agintaldia bukatzeko gauza izan ez den lehen presidente bezala.

Parkek orain bederatzi egun adierazi zuenez, bere agintaldia bete gabe kargua uzteko prest dago eskandalu batek eragin dituen ondorioengatik. Hori bai, karguan jarraituko du Konstituzionalak bere azterketa egin bitartean, eta horretarako hilabeteak beharko dira.

Tarte horretan bere zereginak lehen ministroak beteko lituzke eta, beraz, Park ez da benetako presidente izango.

Begiraleek diote politikarien mugimendu horiek kalean milioika herritarrek egin dituzten mobilizazioek eragin dituztela. Presidentearen dimisioa exijitzen zuten eta hori egin ezean, alderdi politikoek agintaria kargugabetzea nahi zuten. Kaleak egin duen presio horren ondorioz, Saenuri Parken alderdi kontserbadoreko makina bat diputatuk bere aurkako jarrera hartu dute, oposiziokoekin bat eginez. Parlamentuak mozioa onar dezan, parlamentarien bi herenek aldeko botoa eman behar diote. Joan den astean 300 eserleku dituen Parlamentuko 171 diputatu zeuden kargugabetzearen alde. Beraz, 29 falta ziren Park kanporatzeko, baina orain egoera aldatuta dago.