GARA
BILBO

Eskubide guztien aldeko aldarria egin du EH Bilduk

Eskubide guztiak pertsona guztientzat bermatuta izango diren jendarte baten alde lan egiteko konpromisoa plazaratu zuen atzo EH Bilduk, Giza Eskubideen Egunaren karietara kaleratutako manifestuan. Konpromiso hori Nazio Batuen Giza Eskubideen Adierazpenean azaltzen dela gogoratu ondoren, berdintasunean eta justizia sozialean oinarrituriko gizarte aurreratu bat lortzeko eskura dituen «tresna guztiekin» lan egingo duela iragarri zuen EH Bilduk.

Eskubide guztiak pertsona guztientzat aldarrikatu zituen atzo EH Bilduk, Giza Eskubideen Egunean. Egungo egoeran eskubide urraketa ugari ematen direla nabarmendu zuen EH Bilduk, eta egoera hori konpontzeko konpromisoa ere hartu zuen. «Beharrezkoa da justiziaren eta ekitatearen, demokraziaren eta duintasunaren baloreak berreskuratzea, oraina eta etorkizuna bermatzeko. Eskubide, askatasun eta aukera berdintasunean oinarritutako gizarte justua eraikitzeko nahia daukagu, pertsona libre eta duinez osatua, herri eta nazio demokratikoetan elkarbiziko direnak», adierazi zuen EH Bilduk.

Hori lortzeko, «eskura ditugun tresna guztiak erabilita lan egiteko gure borondatea eta konpromisoa adierazten dugu, era horretara, herri honetako gehiengo zabalaren borondateari erantzunez», gaineratu zuen.

Gauzak horrela, berdintasunean eta justizia sozialean oinarrituriko gizarte aurreratu bat lortzeko lan egingo duela iragarri zuen EH Bilduk. «Herritarren eskubideak zainduko dituen gizartea nahi dugu, oinarrizko ongizate sozial eta ekonomikoa bermatzeko aukerak eskainiko dituena, bere izaeragatik inor diskriminatuko ez duena eta barneratzailea izango dena, elkartasuna eta askatasuna oinarri izango dituena, lehen eta bigarren mailako herritarrez osatutako eredu dualarekin amaituko duena eta herritar orori orain eta etorkizun duina bermatuko diena».

Horrekin batera, pertsona orok bere eskubideak bermatuak izateko eta askatasun eta duintasun baldintzak eduki ahal izateko lan egingo duela nabarmendu zuen EH Bilduk. «Horretarako pertsona orori bermatu behar zaie; etxebizitza eta elikagai duinetarako sarbidea izatea, lan baldintza duinak eta osasuntsuak izatea, kalitatezko osasun eta hezkuntza unibertsalerako sarbidea, askatasun indibidualak eta kolektiboak bermatzea, adierazpen askatasuna eta elkartzeko askatasuna, guztien berdintasuna eta inor ez diskriminatzea, pertsona ororen pentsamenduak, sentsibilitateak eta aukerak errespetatuak, aitortuak eta defendatuak izatea askatasunean eta ekitatean», azaldu zuen koalizio abertzaleak.

Beste alor batean, herri eta nazio burujabeetan elkarbizitza libre eta demokratikoa izateko ere lan egingo du EH Bilduk. «Iritzi eta pentsamendu askatasuna errespetatuko duena; giza eskubideak, eskubide sozial eta politikoak bermatuko dituena; bakean oinarritutako oraina eta etorkizuna eraikiko dituena; beste herriekin elkartasunean eta errespetuan oinarritutako harremanak eraikiko dituena; herritarrak beren herriaren etorkizunaren jabe izango direnak eta elkarbizitzaren eta gizarte ongizatearen bermea herri demokrazia izango duena», gaineratu zuen EH Bilduren manifestuak.