GARA
IRUÑEA

«Harriduraz» hartu du Nafarroako Ikastolen Elkarteak langileen protesta

«Lan baldintzak okertzen dituen proposamena» erretiratzeko eskatuz elkarretaratzea egin dute hainbat langilek Nafarroako Ikastolen Elkartearen egoitzan. Honek ez du batzarrean erabakirik hartu.

Abenduaren 21ean egin bezala, elkarretaratzean bildu ziren Nafarroako ikastoletako langileak asteazkenean, LABek deituta. NIEren egoitzaren atean batu ziren, justu honen batzarra hasi baino lehentxeago.

Sindikatuak esplikatu zuenez, negoziazio kolektiboaren markoan langileentzat «oso kaltegarria» den proposamena baztertzeko eskatu zioten elkarteari, baita negoziatzeko ere. Horretarako, «langileen gehiengoaren» sinadurak aurkeztu zituzten.

Oroitu zuten Nafarroako Gobernuak 2010 eta 2012an ezarritako murrizketak aplikatu eta langileen soldatak %9,2 eta %2 artean jaitsi zituela NIEk. Orain urtebete lan hitzarmena berritzeko negoziazio mahaia eratu zen. «NIEk eskaera ekonomikoen aurrean hartutako jarrera eta gai honetan adostasunera iristeko zailtasunak ikusita, negoziatzeko borondatearen adierazgarri, akordio partzialerako proposamena aurkeztu zuen LABek, inpaktu ekonomikoa zekarten neurriak gutxienekoan utziz».

Joan den azaroaren 15ean bere planteamendua aurkeztu zuen elkarteak. Bertan, sindikatuen arabera, «behin-behineko eta behin betiko langileen eta irakasle eta ez-irakasleen arteko aldeak handitu, prekaritatea areagotu, langileen parte-hartzea gutxitu eta langileekiko ardura osoa Nafarroako Gobernuaren esku uzteko» nahia agertu zuen. Egindako planteamendua atzera bota eta murrizketa garaiaren ondoren lan baldintzak hobetzeko «benetako» negoziazioari ekiteko eskatu zioten elkarteari.

Aldebakarreko erabakirik ez

Mobilizazioen aitzinean, bertze aldearen ikuspuntua jakiteko Josu Reparaz NIEko zuzendariarekin jarri zen harremanetan GARA. Hagitz harrituta daudela azaldu zuen, elkarteak egin duen bakarra urriko asanbladan egindako hausnarketak (erronkak, krisi demografikoa...) bilduz proposamen bat luzatzea izan delako. Erantsi zuenez, asteazkeneko batzarrean ez zuten erabakirik hartu. «Luze eztabaidatu genuen gaiaren inguruan. Orain ikastola bakoitzak bere batzordean hitz egin, eztabaidatu, egoera aztertu, eta bere botoa igorriko du NIEra».

Nafarroako ikastolak «hitzarmen propioari eustearen alde» daudela eta irakasleei garrantzia ematea eurentzat funtsezkoa dela berretsi zuen Josu Reparazek. «Uste dugu negoziazio mahai batean bi aldeek dutela iritzia emateko eskubidea. Baina ez dugu ongi ikusten alde batek besteari proposamena erretiratzeko eskatzea. Bertan ez da atzerapausorik planteatzen».

NIEren asmoa bi aldeak elkartu, proposamenak aztertu, eztabaidatu eta adostea dela defendatu zuen zuzendariak eta argi utzi zuen ez dutela «aldebakarreko erabakirik hartzeko inolako asmorik».