Aimar ETXEBERRIA
ESTATURIK GABEKO NAZIOAK EUROPAN

Mareak bigarren erreferendumera darama Eskozia

Gobernu britainiarraren proposamenek, auzitegien ebazpenek eta Theresa Mayren eta Donald Trumpen arteko harremanek Eskoziako egoera politikoan duten eragina aztertzen du egileak. SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak martxoan egingo duen udaberriko konferentziak aipatzeko moduko albisteak emango dituelakoan dago Etxeberria.

Ekidin ezineko urratsa dirudi, sartu berri garen urte honetan izango ez bada ere. Gertakari orok bigarren independentzia erreferendumera gerturatu baino ez du egiten Eskozia: izan Gobernu britainiarraren proposamenak, auzitegien ebazpenak edo Theresa Mayren eta Donald Trumpen arteko harremanak. Udaberriko konferentzia du SNPk martxoan. Ezusteko berri bat emango ote digu Sturgeonek?

Urte berria baina zaharrak berri Eskozian. Soka luzea utzi du Brexitak, denbora igaro ahala askatu baino korapilatu egiten den soka. Lehen mailako hizketagai izaten jarraitzen du, baita honen ondare den bigarren independentzia erreferendumak ere. Egunak joan egunak etorri, hedabideetan bolo-bolo dabilen gaia da galdeketa berri bat deitzearena. Hilabete baino ez da igaro urtea hasi denetik, eta dagoeneko etorkizuneko joerak zein izango diren iragartzeko adina kontu jazo da Eskozian.

Asko ezustean harrapatu zituen baina logika osoa hartzen duten adierazpenak eginez abiatu zuen urtea Nicola Sturgeon herrialdeko lehen ministroak. Brexit «gogorraz» eta «leunaz» mintzatu ohi dira honen ondorioen arabera, hots, «gogorra» litzateke Europako merkatu bakarretik ateratzea, «leuna» bertan mantentzea. Bada, Sturgeonek adierazi zuen bigarren erreferendumaren aukera mahai gainetik kentzeko prest legokeela baldin eta Gobernu britainiarrak bigarren aukera honen alde egingo balu. Egun pare bat beranduago, gainera, argi utzi zuen ez dela bigarren galdeketarik izango 2017 honetan.

Sturgeonen aipatu adierazpenek erreferendum berri baten aukera hoztu baldin bazuten, iritsi ziren albisteak Londrestik independentzia-zaleei bultzada berriak emanez. Theresa May lehen ministro britainiarra izan zen horretan lehena. Ekainaren 23ko galdeketaz geroztik lehen aldiz argitu zuen orain aste pare bat bere gobernuak negoziazioei begira jorratuko duen estrategia. «Brexit means Brexit (Brexitak Brexit esan nahi du)» esateari utzi eta aukera «gogorraren» alde egingo dutela adierazi zuen, Eskoziak aldarrikatzen duen akordio berezitua aintzat hartzera iritsi ere egin gabe. Hasi dira bigarren erreferendum bat deitzeko arrazoiak pilatzen.

Auzitegietatik etorri ziren ondoren berriak. Britainia Handiko Gorenak ebatzi du: Lisboako Tratatuaren 50. artikulua aktibatu eta Brexitaren negoziazioei hasiera ematearen arduraduna Westminster da, ez Gobernu britainiarra. Baina gaineratu du “itzulitako” erakundeek (Holyroodeko Parlamentuak, kasu) ez dutela zeresanik izango aipatu prozesuan. Bigarren kolpea Gobernu eskoziarrari, zeina parte inplikatua zen epaiketan; arrazoi bat gehiago galdeketa berri bat deitzeko.

Denbora amaitzen ari da. Asteon elkartu dira berriro Sturgeon eta May. Eremu neutralean egin dute bilera oraingoan; Cardiffen ikusi dute elkar. Eta bere adierazpenen tonua altxatzeko erabili du aipatu batzarra Sturgeonek. Mezu argia helarazi dio lehen ministro britainiarrari: «Denbora amaitzen ari zaizu Brexitaren negoziazioak abiatu aurretik Eskoziarekin akordio bat egiteko. Hau gertatu ezean, bigarren independentzia erreferenduma deitu beste aukerarik ez dut izango». «Berebizikotzat» jo ditu ondorengo asteak Sturgeonek: «Bere azken aukerak ditu Mayk eskoziarron ahotsa entzun eta errespetatzen duela erakusteko. Borondate keinuak ikusi behar dizkiot».

Borondate keinuak, baina, beste alde batera zuzendu ditu lehen ministro britainiarrak, AEBetara hain zuzen. Elkartu da Donald Trumpekin, eta heldu dio eskutik; erakutsi du nor nahi duen bidelagun Europar Batasuna utzi osteko arorako. Presidente estatubatuarrak, baina, aurkakotasun ugari eragin ohi du, eta Eskozia ez da salbuespen. Arrats ezberdinak dira Londresko eta Edinburgoko gobernuek Trumpi eginiko harrerak, etorkizuna begiztatzeko bi eredu ezberdinen adierazle.

Kontuak kontu, martxo amaiera arteko epemuga eman dio Sturgeonek Mayri eskoziarren nahiak entzunak eta errespetatuak izan daitezen. Bi arrazoi egon litezke epemuga horren atzean: Brexitaren negoziazioak martxoan hasiko direla izan daiteke horietako bat, baina aipagarriagoa da agian SNPren udaberriko konferentziaren ospakizuna. Alderdiaren ekitaldi jendetsuak albiste aipagarriak emateko erabiltzera ohitu gaitu Sturgeonek: iragan urteko udaberriko konferentzian aurreratu zuen kanpaina independentista berritua, kurtso hasieran alderdiko hautetsiekin egindako agerraldian jarri zuen aipatu kanpainaren abiapuntua eta iragan urrian alderdiak Glasgown egin zuen konferentzia nazionalean eman zuen erreferendum legearen berri. Zerekin aterako zaigu oraingoan?