Mikel ZUBIMENDI
BILBO

Auseronek paratu eta gidaturiko herri sonoritateen arteko solasa

Elkarrizketa eta sonoritatea; horra Radio Futurako Santiago Auseron edo Juan Perrok zuzenduriko «Voces en la ría» zikloaren funtsa. Gaurtik hasita, lau ostegunetan jardungo da Bilbon; «miresten ditudan musikariekin» eta «kitarra eta ahots, modu intimo eta biluzian».

Gaur hasi eta datozen hiru asteetan, ostegunero, Bilboko Campos Eliseos antzokian gonbidapen tentagarria izango da Santiago Auseron musikariaren eskutik. Radio Futura taldeko buru izandakoa, orain Juan Perro gisa herri kantagintzaren ildotik dabilena, proposamen ezohiko eta ausart batekin datorkigu. Atlantiar arkuko sonoritateen isla diren musikariak, «miretsi eta haiengandik zerbait ikas dezakedan jendea», berarekin hizketara deitu, eta, «kitarra eta ahots, modu intimo eta biluzian» elkarrekin kantatuko dute.

Elkarrizketa eta sonoritatea, horra “Voces en la ría” zikloaren funtsa. Beren hizkuntzan, beren musika genero propioan, soinu nortasun ezberdinak elkarkidetzan jarriko dira. Ikerketa eta proposamen artistikoa eskuz esku joango dira, kantoreei sortze berekoak zaizkien kantak eta, itsasoaz harago bidaiatuz, mundu berrietan ahaide dituzten musikak.

Gaurko Jorge Drexler uruguitarra gonbidatu du Auseronek. «Mundua kantuaren bitartez pentsatzeko ‘makina’ bat» dela nabarmendu zuen Auseronek, «punta-puntako konpositore herritarra, mugarik gabeko inbentiba eta bitarteko musikalen jabe dena».

Hurrengo ostegunean, Antonio Zambujo portugaldarrak hartuko du lekukoa. Zambujo «lusofoniaren ahots xarmagarriena» dela esan zuen Auseronek; hura deskubritzean «Benny More kubatarra edo Otis Redding deskubritzean sentitu nuen berbera sentitu nuen», aipatu zuen, enfasi eta pasio handiz publikoa hura ikustera joateko animatuz.

Bi aste barruko ostegunean, jada martxoan sartuta, Martirio kantariak, «kopla andalusí dei dezakegunaren eraldatzaile handia denak», bere seme Raul Rodriguez gitarra jotzaile apartarekin joko du. Sustrai sakonak, bilaketa poetikoa eta modernitatea uztartzen duten «soinu klan bat» direla aurreratu zuen Auseronek.

Kontzertu eta elkarrizketa zikloari akabera emateko, Uxia, Galiziako kantuaren «dama perla», izango da Bilbon bisitari. Bertako kantua bizitzeko modu oso berezia du, bere lurreko kantuak sakonki ezagutzen ditu, baina era berean itsasoaz haragoko bidaiari prestua da. Lagun bezala deitzen gaituen Galizia imajinarioaren baladak ekarriko ditu. Auseronekin batera mintzoan, eta kitarra lagun, kantuan jardungo da, agur esateko ospatu nahi den jai berezian.

Hainbeste miresten dituen artistokin Auseronek hilabeteetan zehar prestatu dituen hizketaldien gidoiekin eta kantu bat eta besterekin, magia berezia izango dela iragarri zuten atzo Bilbon. Martxoaren 9an bukatuko den festan, «hain ederra eta sarkorra» den Euskal Herriko herri musikak leku propioa izango du eta akabera ahantzi ezinezkoa egiteko «jendea kantatzen jarri nahiko genuke».