Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Berezkotasunak

Igandean “Berria”-n egindako elkarrizketan egiazko euskal nortasuna duen musikaz galdegin zuten Mixel Ducau. Uuufa, eskerrak ez zidaten galdera niri egin... Zer demonio esan, non ezkutatu, nora ihes egin?... Ducauk, ordea, eskarmentua eta dotorezia sobera dituela erakutsi zuen, eta halako zerbait esan zuen; zaila dela definitzen baina musika nongoa den azpimarratzen duen azentu moduko bat badela. Bale, ez da zehatza, ez zaitu asebete, oso erantzun metaforikoa da, baina, eta zuk, zer erantzungo zenuke? Zer da zuretzat egiazko euskal musika?

Tresna “autoktonoak” erabiltzen dituena? A bai? Orduan Crystal Fightersen musika euskaldunagoa da Pettirena baino? Eta zertan behar du euskaldunago Magrebetik etorritako alboka erabiltzen duenak? Ez dakit oso justua den. Orduan, euskal tradiziotik jasotako doinuak, hitzak, kantuak benetakoagoak direla esan beharko. Berdin dio balsa, polka, mazurka. Euskaldunagoa da Europa ekialdetik etorritako erritmo bat, Aralarko bordetan hamaika aldiz errepikatua, ados, baina zergatik izan behar du folkloreak, beti, egiazkoagoa berrikuntzak baino? Errepikapenak, denborak, bakarrik egiten du zerbait berezkoago?

Eta proba egingo bagenu atzera begiratu beharrean aurrera begiratzen? Konturatuko ginateke, agian, etengabe eraikitzen dugun zerbait dela euskal nortasuna, oso aldakorra, konplexua, pertsonala bezain kolektiboa, eta ekinez egiten dena, oharkabean askotan, turista-antiojoak kenduz, topiko-kolonizatuak astinduz, baina batez ere, gozamenez egin beharrekoa.