Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Enpatia

Literaturaren Erret Elkarteak Britainia Handiko bi mila irakurleren artean gidatu duen inkestaren arabera, gehiengo handi batek, inkestatutakoen %81ek, enpatia eragin eta sustatzeko ahalmenarekin lotzen dute literatura eta horren arabera aukeratzen dute zer irakurri. Hala ere, beren erantzunetan aipatu zituzten 400 idazleetatik %7 bakarrik ziren beltzak, Asiako herrialderen batekoak, edo gutxiengo etniko bateko kideak. Generoari begira, gizonezko idazleak ziren nagusi (%69). Kasualitatez, irakurtzen dutenaren balioa aztertzeko orduan milurtekoarekin batera jaio ziren ikasleen artean nagusitu den joerari buruzko hitzaldia entzuteko parada izan nuen. Hizlariaren esanetan, gaurko gazteek testu batean beren burua islatuta ikusten duten ala ez, edukiaren eta beren buruaren artean loturarik sortzeko gai ote diren, horren arabera erabakiko dute testuaren baliagarritasuna eta benetakotasuna.

Ingelesez relatable deritzon joerak eragin ditzakeen kalteen nondik norakoa erakusteko adibide modura AEBetako presidentetzarako azken hauteskundeak aipatu zituen; Trumpekin Hillary Clintonekin baino identifikatuago sentitzen zirela eta horren arabera bozkatu zuten askok. Belaunaldi kontua ote da baina, hizlariak argudiatu bezala, norberaren eta testuaren (edo errealitatearen) arteko loturaren arabera iritziak sortzeko eta erabakiak hartzeko joera? Literaturaren Erret Elkarteak egindako inkestaren emaitzak kontuan hartuta, irakurri, zergatik irakurtzen dugu? Geure ikuspegia zabaltzeko ala baieztatzeko?