Amalur ARTOLA
GASTEIZ
Entrevista
IBAN ZALDUA
IDAZLEA

«Ez dut gehiegi sinesten irakurzaletasunaren sustapenaren sakralizazio horretan»

Literatura irakurri, idatzi eta, batez ere, hausnartzen duen pertsona da Iban Zaldua (Donostia, 1966). «Obabatiko tranbia» (Alberdania, 2002) eta «Animalia disekatuak» (Utriusque Vasconiae, 2005) argitalpenak bezala, gogoeten bilduma da «(Euskal) literaturaren alde (eta kontra)» (Elkar, 2016).

Volgako Batelariei eskaini diezu liburua. Zer esanahi izan zuen zuretzat hainbat idazlek sortu zenuten bilgune hark?

Alde pertsonaletik, oso handia. Inguruan gertatzen zenaz antzeko ikuspegia genuen idazle batzuen artean konexio bat lortu genuen, euskal literaturaren gorabeherei umorez aurre egiteko. Eskola bat izan zen. Literaturaren mundua nahiko bakartia da eta zorte handikoa zara norekin konpartitu aurkituz gero. Urte batzuk iraun zuen abentura bat izan zen eta, gauza on guztiak bezala, efimeroa izan zen. Liburu honetako testu asko lotuta daude Volgako Batelariak blogarekin; liburua etapa horren nolabaiteko ondorioa da.

Orokorrean, euskal literaturan dabiltzanek, komunitate bezala, egiten al dute hausnarketarik literaturaren norabideaz?

Bueno, denetik dago. Denok egiten ditugu hausnarketa indibidualak. Beste kontu bat da ze punturaino konpartitzen ditugun, ikuspegiak trinkotzen diren... Susa argitaletxearen inguruan badago hausnarketa tanke bat, nolabait esateko, eta hartzen badituzu pentsamenduaren poesiaren inguruan aritzen direnak, (Pello) Otxoteko, (Aritz) Gorrotxategi, (Felipe) Juaristi eta hauek, beste komunitate informalago batzuk daudela ikusten duzu. Beste kontu bat da plazara ateratzen dugun hausnarketa hori.

Zuk plazaratu izan dituzu zure gogoetak eta, liburu honetan bezala, ironia dezenterekin.

Uste dut jarrera bat dela. Literaturaren egungo estatusaren eta merkatuaren inguruko jarrera izan daiteke tragikoa –eta batzuetan drama queen izateko joera dugu– edo distantziamendu ironikotik azter daiteke zer gertatzen ari den kultur munduan garai turbokapitalista hauetan. Orduan, bai, kontuari umorez heltzeko jarrera badut, baina sinetsi nahi nuke atzean dagoen hausnarketa erdi-serioa dela gutxienez (barreak).

Euskal idazlearen profil ilun samarra ematen duzu: erretxindua, «inbiriya» duena, atzerrira joandakoan euskal idazleen izenik aipatzen ez duena...

Ironiak berekin dakar esajerazio puntu bat, baina, ikusi dudanagatik, badago konpetentzia edo lehiakideari leku gehiegi ez uzteko joera. Uste dut iluna baino ikuspegia gordina dela, eta ikuspegi hori datorrela sortzailearen irudia jainkotzeko dugun ohituratik; uste dugu figura hori oso berezia dela, eta atzean miseria asko dago. Bestalde, gure lanarekin batera gure irudia saltzearen kontua dago.

Eta idazlea «marka» bihurtze horrek zer dakar gehiago, onura edo kaltea?

Onura ere izan daiteke: azken 50 urteetan enpresa kapitalista asko marka potente bat sortuta inposatu dira merkatuan. Zure karreraren proiekzioaren ikuspegitik, are gehiago profesionala bazara, ziur asko onurak handiagoak dira kalteak baino. Baina kontraesanak ere sortzen dira, adibidez mundu guztiari gustatu behar izatearen kontua. Eta literaturan, umorean bezala, mundu guztiari gustatzen zaiona susmagarria egiten zait niri...

Baina merkatuari lotuta bizitzeak ez al du baldintzatzen?

Denok gaude merkatuari lotuta. Gero eta garrantzi handiagoa ematen zaie kontu kuantitatiboei: zenbat saltzen duzun, zenbat edizio, zenbat kritika... Euskal literaturan duela hogei urte ez zitzaion horri garrantzirik ematen eta orain salmenta handiak izatea edo publikoaren harrera handia izatea kontsideratzen da zerbait positiboa, eta lehen ez zen hala gertatzen. [Xabier] Gereñoren nobelak izugarri saltzen ziren, baina inork ez zien balio literariorik ematen eta ez ziren ikerketarako gai; egun, zabalkuntza hartzen da kontuan liburu batek duen kalitate edo estatusaz hitz egiteko.

Beraz, literatur lanen kalitatea zehazteko modua aldatu da.

Bai, kalitatea ezbaian dagoen kontzeptu bat da. Lehen, azterketa unibertsitarioetara, goi kritikara iristea literatur lan batzuetara zegoen erreserbatua, posteritatera pasa behar zutela uste zen horietara. Ni hezia izan naizen tradizioan kalitateari, iraunkortasunari, esanahiari eta pisuari garrantzi oso handia ematen zitzaien eta egun literatura askoz ere eremu likidoago batean mugitzen da. Nire alabek Cervantesekin batera “Jara” irakurri dute eskolan; lehen hau pentsaezina zen. Eskolak irakasten zizun literatura gauza jakin bat zela, bere gauza on eta txar guztiekin; guri nazionalismo espainolaren zutabe izateaz gainera literatura oso gauza maskulinoa zela irakatsi zitzaigun eta, zorionez, gauza horiek aldatzen ari dira, baina badaude ni despistatzen nauten gauzak...

Irakurzaletasuna sustatze aldera egindako ahalegina ote da?

Ez dut gehiegi sinesten irakurzaletasunaren sustapenaren sakralizazio horretan. Ez dut ikusten nire alabak ni baino irakurzaleago direnik. Guk jasotzen genuen ikuspegi instituzionala, eskolak ematen ziguna, eta gero genuen literatura herrikoi guztia. Nik bereziki zientzia-fikzioa kontsumitzen nuen eta hor goi-literatura gutxiengoa zen, oso kontsumoko mailan geratzen zen. Nire formazio literarioan, gakoa bien uztarketa izan zela uste dut. Institutuak lagundu behar dizu literatura analizatzen, balio literarioak hartzen, kritika egiten... eta ez hainbeste derrigorrean literaturzaletasuna sustatzen.

Gaur egun jotzen da literatura entretenigarri izate horretara... zergatik? Matematikekin ez da hori egiten, niri ez didate monomioak maitatzen irakatsi, irakatsi didate eragiketak egiten. Literaturarekin berdin, tresnak eman behar dizkizute. Ematen ari den ikuspegian literaturaren entretenigarritasuna, irakurgarritasuna hobesten da, eta nago ez ote garen ari seinale okerra bidaltzen ikasleei, etorkizuneko irakurleei. Eta bada beste kontu bat, Gasteizen bederen: ez da maila bereko literatur programa eskaintzen euskaraz eta gaztelaniaz. Ikasleek jasotzen duten bazka da Eroskiko katu-jana batetik, eta pate latak bestetik.

Orain «modan» dagoena literatura beltza da: erritmo bizikoa, irakurterraza, entretenitua...

Gure literatur sistematxoa inguruan gertatzen denaren isla da, eta gauza kuriosoa gertatu da: oso kontsumoko literatura zena, oso pulp mailakoa, iritsi da prestigioa izatera eta bihurtu da genero komodin bat zeinetan idazle “serio” eta kontsakratuak heldu diren erabiltzera beraien nobeletako oinarri edo andamiaje gisa. Agian izango da gizarte kapitalistaren metafora izateko duen gaitasunagatik, ustelkeriarekin, diruarekin... uztartzeko tradizioa garatu duelako.

Genero beltzari zorionak eman behar zaizkio horregatik, baina bada beste kontu bat: inflazioarena. Mota horretako liburuen inflazioa dago, eta guztiak ez dira maila gorenekoak; gehienak ez dira iristen eta euskal literaturan hori nabarmenagoa da. Ipar Europako literaturarekin eta, are gehiago, AEBetako klasikoekin konparatuta, hemen daukagun literatura beltza nahiko anemikoa da; sakontasuna falta zaio, generoaren oso azaleko ezaugarriekin geratzen da. Egia da ez dela gauza bera Jon Alonsoren nobela beltz bat, sakontasun handiagoa daukana, edo Jon Arretxerena, baina oro har iruditzen zait gehiago gailentzen dela bigarrenaren eredu anemiko hori eta ez anbizio literario handiagoko genero beltza garatzeko asmoa.

Genero beltzaz gainera, orokorrean euskal literatura ere «ez goi eta ez doi» dagoela diozu.

Bai. Literatura guztietan bezala, erdipurdiko gauzak dira nagusi, txarrak ere asko, eta on-onak icebergaren punta. Lehengoan irakurtzen nion Harkaitz Canori behartuta gaudela guztian oso onak izatera, txikiak garelako eta gehiago nabaritzen delako. Nik ez dut hori nabaritzen, ez dut uste euskal literatura dagoenik espainiar literatura, Perukoa edo Senegalekoa baino hobeto. Egia da 50eko hamarkadan baino liburu gehiago produzitzen ditugula eta horrek ematen du icebergaren punta handixeagoa izateko aukera, kantitateak kalitatea sortzen duelako. Beraz, duela 50 urte baino hobeto gaude, baina horrek ez du esan nahi potentzia literario bat garenik.

Ausartuko zinateke batez beste urteko zenbat euskarazko liburu on egiten den esatera?

Zaila da esatea, epe ertain-luzean aztertu beharko litzateke. Ez daukat 2016ko ikuspegi osoa, baina 2015eko narratibari buruz esango nizuke nahiko urte flojoa izan dela. Ez du eman gauza hiperdistiratsurik, kenduta agian “Lili eta biok”: urazaletik ateratzen den liburua da. Urte horren isla da Euskadi Sarietan gertatu dena; irabazi du nobela batek, Luis Garderena, iruditzen zaidana inperfekzio askokoa. Nik, aukeratzekotan, lehenago emango nioke Katixa Agirrerenari. Eta, nahiz eta ez ninduten erabat bete, Xabier Montoiaren “Hondamendia” eta Karlos Linazasororen “Literatura hiztegi tekniko laburra” ere aipatuko nituzke. Dena den, horrek ez du ezer esan nahi, 2014ko “uzta”, oro har, hobea iruditu zitzaidalako: “Lasai, ez da ezer gertatzen”, “Su zelaiak”, “Gerra txikia”, “Beltzuria”, “Erraiak”...

Itzulpengintzarekiko bestelako ikuspuntua duzu: azken urteetan euskal literaturari gertatu zaion onena dela diozu.

Hala uste dut, bai. Euskaraz maiztasunez irakurtzen hasi nintzenean itzulpen gutxi zeuden eta batzuk benetan zailak, ortopedikoak ziren. Azken hogei urteetan salto izugarria eman da, bolumena eta maila hazi dira eta eskola handia da; dudarik gabe, euskal idazleak irakurtzen ikasi egiten da, baina euskarazko obrak irakurtzen gehiago. Nire belaunaldira arteko idazleek irakurketa horiek egin behar izan dituzte gaztelaniaz edo frantsesez, euskaraz “Gero” eta Etxeberri Sarakoa irakurtzen ziren eta ez plazer literarioz, baizik eta estilo aldetik irakasten zuenagatik. Orain, eta horretan [Ibon] Sarasolarekin ados nago, literatura garaikidea eta corpus guztia dugu, itzulpenena, falta izan zaigun tradizio literarioa, bere xumean, osatzeko. Itzulpengintza gauza handia da, baina egia da azkenaldian itzultzaileak puztuta ikusten ditudala. Ia-ia bertsolarien mailan.

Aipatu duzunez... literaturaz ari zarenean maiz egiten diozu erreferentzia bertsolaritzari.

Bertsolaritzarekin daukadan arazoa da literatura idatziaren parean egoteko egin ohi duen aldarria ahul samarra iruditzen zaidala. Bertsolaritzari falta zaio literatura idatziaren abantaila: denbora, zuzenketak egiteko aukera, azalean ez geratzeko aukera biderkatzen duena. Ez dut esan nahi hori lortzea ezinezkoa denik, ezta literaturak beti lortzen duenik ere; Maialen Lujanbio, askotan, antzeko sakontasun mailara irits daiteke. Baina bat-batekotasunak, publikoarekin berehalakoan konektatu beharrak... zailago egiten dute, nire aburuz, bertsolaritzari aitortzea literatur idatziari onartzen diodan estatus bera.

 

«Egun kritikaria eta idazlea Twiterren topa daitezke, eta hori kalexka ilun bat baino arriskutsuagoa da...»

Kritikari ere eskaini diozu atal bat: eufemismoaren eta itzulinguruaren erreinua bihurtu dela diozu. Egun, ez al da benetako kritikarik egiten?

Neurri batean Ibon Egañaren ikuspegiarekin bat nator: iruzkinak informatibo bihurtzen joan dira eta kritika negatiboen kopurua asko jaitsi da. Euskal literaturan, narratibari dagokionez, kalitatearen ikuspegitik flotazio marratik gora daudenak gutxiengoa badira, ezinezkoa da azpian dagoen guztia ona izatea. Baina kritiketan, bestelako panorama bat islatzen da. Baina egia da ziur asko euskal kritikan kritika negatiboak baino esanguratsuagoak direla isiltasunak; isiltasuna da kritika negatiboaren oinordekoa, eta agian hortik egin beharko genuke neurketa. 80ko hamarkadan euskal literatura ez zegoelako nazioarte mailan, inori ez zitzaiolako inporta eta marjinala zelako, askatasun handiagoa zegoen eztabaidatzeko eta izenak aipatzeko.

Kritika negatiboekiko beldurra dago?

Bai... azken batean, ezerosoa baita. Bizi garen garaiaren izpirituarekin bat doala iruditzen zait, antipatikoa izatea oso gaizki ikusia baitago testuinguru batean non denei gustatu behar zaien dena; sinpatikotasuna nagusi den testuinguru batean kritika negatiboak egiteak pertsona antipatiko bilakatzen zaitu. Gurean hori agian areagotua dago txikitasunagatik, fisikoki kalexka ilun batean gurutza gaitezkeelako. Baina, garai globalizatuotan, Twiterren ere gurutza gaitezke eta hori kalexka ilun bat baino arriskutsuagoa izan daiteke...

Kultur mundua flower happy paradisu bihurtu nahi den neurrian, ahots negatiboak sortzea gaizki ikusia dago. Eta kritikariek ere lasai bizi nahi dutela uler dezaket, baina iruditzen zait batuketatik eratortzen den panorama ez dela errealitatera hurbiltzen.A.A.