GARA
DUNKERQUE

Sute batek frantses Estatuko iparraldeko migratzaile kanpaleku bat suntsitu du

Dunkerque hiritik gertu dagoen Grande-Synthe herrian kokatutako migratzaile kanpalekua suntsitu zuen astelehen arratsaldean hasi zen suteak. Hamar zauritu eraman zituzten erietxera eta agintariak bertan bizi ziren 1.500 lagunak beste nonbait kokatzeko ahaleginetan ari ziren atzo.

Michel Lalande prefetak esplikatu du Grande-Syntheko kanpalekuan zeuden 300 etxoletako 230 kiskali zituela suak. Arazoak iheslari afganiarren eta kurduen arteko borroka baten eraginez hasi ziren. Iraketik ihes egindako kurduek afganiarrek baino baldintza hobeak omen dituzte, eta horregatik hasi ziren borrokan, arma zuriak erabiliz (sei pertsona eraman zituzten zaurituta).

Olivier Caremelle udal arduradunaren iritziz, propio sortutako sutea izan zen, aldi berean puntu ezberdinetan hasi baitzen. Erantsi zuen suntsitutako etxolak berriz erabiltzerik ez dela izango.

Iazko martxoan zabaldutako kanpalekua MSF Mugarik Gabeko Medikuek eta Grande-Syntheko Udalak zabaldu zuten. Iaz Calaiseko kanpalekua, «Oihana» deitzen ziotena, itxi zutenean, migratzaile asko Grande-Synthera joan ziren, Britainia Handira pasatzeko itxaropena galdu gabe. Damien Careme alkate ekologistak adierazi du migratzaile asko orain Calaisen inguruan dabiltzala, aukeraren zain.