GARA
DONOSTIA

Nekazaritza ekologikoak gora egin du beste urte batez

Arlo desberdinetako ekoizpen ekologikoak 2016an gora egin du EAEn, aurreko urtearekin konparatuz. Izan ere, 514 operadore daude, 2015ean baino 38 gehiago. Bestalde, produktu ekologikoak eraldatzen dituzten enpresek ere indarra hartu dute.

Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak (ENEEK) emandako datuen arabera, nekazaritza ekologikoak hazkundea izan du beste urte batez. Izan ere, 2016an operadore ekologikoen kopurua %8 hazi da, 2015arekin alderatuta.

Laborantza ekologikoaren azalerari dagokionez, %7,74 handitu da. Orain 3.214 hektarea ekologiko daude EAEn. Arabak azalera osoaren %54,9 lantzen du, Bizkaiak %24,4 eta Gipuzkoak %20,7. Hala ere, operadore gehien biltzen dituen lurraldea Gipuzkoa da (%40,1).

2016ko amaieran larre, belaze, bazka eta proteaginosoen ekoizpen ekologikoak nagusi izaten jarraitzen zuen hedadurari dagokionez. Izan ere, ziurtatutako azalera osoaren %57 (1.840 hektarea) hartzen dute, eta haien atzetik datoz mahatsondoa (%16 eta 516 hektarea), aleko zerealak (%8,5 eta 274 hektarea), eta fruta-arbolak (%6,5 eta 208 hektarea) eta barazkiak (%6 eta 193 hektarea).

Abeltzaintza ekologikoa ere neurtu du ENEEK-k. Guztira, EAEn 95 ustiapen daude, hau da, 2015ean baino %10,5 gehiago. Haragitarako behi-aziendak jarraitzen du izaten ekoizpen orientazio ekologiko esanguratsuena (%27). Eta atzetik datoz haragitarako ardi-azienda (%17) eta erruteko hegaztizaintza (%16). Aurten, barraskiloen hazkuntza ekologikoan hazkundea nabaritu da gainera; haztegi bakarra zegoen lehen EAEn, eta orain, aldiz, hiru, gorantz doan negozioa dela erakutsiz.

Bestalde, produktu ekologikoko nekazaritzako elikagaien transformazioko enpresek ekoizpen ekologikoaren bereizgarri izaten jarraitzen dute. 2016ko amaieran 152 enpresa ari ziren nekazaritzako elikagaiekin lotutako jardueretan. Jardueraren arabera, landare-jatorriko produktuak ekoizten dituzten enpresen artean azpimarratzekoak dira ogiaren elaborazioa (%23), ardoaren elaborazioa edo ontziratzea (%23,3), eta ardoa ez beste edari alkoholdunen elaborazioa (%10) eta gailetak, gozogintza eta pastelgintza (%10).

Animalia jatorriko produktuen transformazio enpresen barruan, azpimarratzekoak dira esne transformaziorako enpresak (%30), hiltegiak eta zatiketa-gelak (%32) eta arrain kontserbagintza (%19).

Egurraren sektorea

Baskegur EAEko baso eta zur sektorea ordezkatzen duen elkarteak ere bere datuak eskaini nahi izan ditu. Honen arabera, zuhaiztiak gutxi gorabehera lurraldearen %54a hartzen du, hau da, 396.962 hektarea, Europar Batasuneko ratio altuenetako bat.

Egurraren baso sektoreak zuzeneko 13.000 lanpostu baino gehiago sortzen ditu. Gainera, 309 milioi euroko diru sarreren ekarpena egiten dio administrazio publikoari. Orokorrean, gizarte osoari onurak ekartzen dizkion sektore bat da: ekoizpen jarduera mantentzeaz gain, baso ekosistema zaintzen du, basoek karbono dioxidoa atxikitzean klima aldaketaren kontra egiten laguntzen dute, espazio horiek ur-hornidurarako balio dute eta herritarrek aisialdirako erabil ditzakete.