Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Josi

Agure batek kontatzen zuen behin bakarrik irten zela herritik. Hondartzara joateko izan zen. Aitak eraman zituen anai-arrebak itsasora. «Orain gertu dago –zioen–, baina orduan bidaia luzea zen menditik itsasora. Gu ginen haurrentzat sekulako abentura». Eta ordutik gogoan du kresalaren usaina, itsasoaren marruma eta amaigabeko ur multzoa, ostertzean galtzen zena. Orduan hasi omen zen istorioak asmatzen. Ilunabarrean herrira itzulitakoan, oraindik itsasoa ezagutzen ez zuten lagunei istorio harrigarriak kontatzen hasi zitzaien. Piratak, munstro harrigarriak, jende bitxia… «Itsasoan abentura harrigarriak bizi daitezke», kontatzen zien lagunei. «Istorioak kontatzea ez da gezurrak kontatzea. Gezurra engainua da; istorioak, aldiz, mundua deskubritzen dizu. Eta hori egiten nuen nik, munduaren lilura deskubritzen nien». Harrigarria zen, ordea, mendi artean galdutako herritik inoiz gehiago irten ez izana. «Irudimenarekin korritu dut mundua, askoz ere interesgarriagoa da», erantzuten zuen. Eta, ondoren, imajinatutakoa kontatu egiten zion entzun nahi zuenari. «Mundua aspergarria izan daiteke imajinatzen ez baduzu. Nik mundua beste begiekin erakusten diet. Dibertigarriagoa da». Eta esaten zuen, kontatzerakoan bizi zen komunitatea josten laguntzen zuela. Izan ere, berak istorioekin gogoak josten zituela zioen, istorioek mundua elkarrekin imajinatzen laguntzen zutela. Bere burua jostun gisa hartzen zuen. «Nola imajinatu urradurak josten ez badituzu?». Itsasoaren zabala zuten bere kontuek.