Andoni ARABAOLAZA
LEHIA

Euskal ordezkariak bide onetik FEDMEren lehia zirkuituan

Espainiako Eskalada Koparen bigarren proban, 18 urtez azpikoen mutilen podiuma Andoni Esparta, Mikel Linazisoro eta Eneko Carreterorentzat izan da.

Espainiako Eskalada Kopa dagoeneko amaiera aldean dago. Apirilaren 22an eta 23an, Madrilen, FEDME Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioaren erregulartasun zirkuituaren bigarren proba (hiru dira guztira) jokatu zen. Eta euskal ordezkariek lortutako emaitzak kontuan hartuta, lasai asko esan genezake oso maila onean ari direla.

Bigarren hitzordu honetarako bazegoen nolabaiteko begirune berezia; izan ere, lehen proban, Berriobeitin jokatutakoan, euskal lehiakideek sinatu zituzten postuak bikainak baino bikainagoak izan ziren. Madrilekoan ez dira hain apartak izan, baina bai oso onak. Ondorioz, aurrera dezakegu euskal ordezkari batzuk behin-behineko sailkapen nagusian sendotu egin direla.

Euskal eskalatzaileek azken lehian sinatutako lorpenei dagokienez, bi lerroburu egin ditzakegu. Batetik, 18 urtez azpiko mutilen podiumera Andoni Esparta, Mikel Linazisoro eta Eneko Carretero igo zirela. Eta bestetik, Linazisorok, nagusien mailan ere goi mailako hirugarren postua sinatu zuela. Lehen proban bezala, bigarren honetan ere lehen lehia egunean jubenilek jardun zuten. Azpimarratzeko modukoa da parte-hartzaileen kopurua: 175! FEDMEko kideek adierazi dute inoizko handiena dela; errekorra, beraz.

16 urtez azpikoen mailan, nesketan, Aitziber Urrutia euskal finalista bakarra izan zen; zortzigarren postua sinatu zuen. Mutiletan, berriz, final horretara ez zen inor sailkatu.

Euskal podiuma

Lehen berri bikaina 18 urtez azpikoen mutilen mailan iritsi zen. Lehen postuen borrokan bazirudien euskal txapelketa bat zela, podiumaren hiru koskak euskal ordezkarientzat izan baitziren.

Andoni Espartak eta Mikel Linazisorok berdindu egin zuten, baina, finaleko bidearen denbora kontuan hartuta, garaipena Espartarentzat izan zen. Linazisoso, beraz, bigarren postuan sailkatu zen, eta, hirugarrenean, Eneko Carretero. Tasio Martin ere finalean sartu eta zazpigarrena izan zen. Postu bera lortu zuen nesketan Ane Erostarbek.

Eta 20 urtez azpikoen mailan, nesketan, Muriel Ruiz de Larramendik, Berriobeitin bezala, irabazi zuen. Aise, gainera, finaleko bidea kateatzen bakarra izan zelako. Suyapa Perez bosgarren izan zen, Maialen Lezeaga zazpigarren eta Maider Corral zortzigarren. Eta mutiletan, Bittor Esparta ez zen oso fin ibili, eta azkenean bosgarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Martin Urrutia, berriz, zazpigarren izan zen.

Biharamunean, bestalde, nagusiak lehiatu ziren. Beste hitzordu batzuetan bezala, proba horretan euskal jubenil batzuk ere izan ziren. Mutilen mailan, Linazisorok goi mailako hirugarren postua sinatu zuen. Bergararrak aurretik sailkatu ziren Ramon Julian (txapelduna) eta Eric Lopez oso gertu izan zituen. Lehen hitzorduan ez bezala, Iñaki Arantzamendi finalera igaro eta zazpigarren postuan sailkatu zen. Postu bat atzerago, zortzigarrena, Bittor Esparta izan zen.

Nesken mailan, azkenik, Zuriñe Arrue seigarren izan zen; Ruiz de Larramendi, berriz, zortzigarren. Nafarrak ezin izan zuen lehen probako garaipena errepikatu. Alabaina, behin-behineko sailkapenean bigarren da, eta, Arrue, laugarren.

Jubenilei dagokienez, Andoni Espartak eta Ruiz de Larramedik garaipena oso eskura dute; izan ere, bi hitzorduak irabazi dituzte. Carretero eta Bittor Esparta bigarrenak dira. Baina, esan dugun bezala, azken hitzordu bat falta da, hilaren 13an eta 14an Zaragozan jokatuko dena.