Andoni ARABAOLAZA
ALASKA

Mt. Huntington-eko hego ertzaklehen igoera jaso du azkenean

Egileak Jess Roskelley eta Clint Helander estatubatuarrak izan dira. 3 kilometro eta 2.500 metroko goranzko desnibela duen ertza egiteko sei egun behar izan dituzte. Zailtasun tekniko gogorrak gainditu zituzten: M6, A0 eta 95º. Arrisku handiko eskalada izan da.

«Inolako zalantzarik gabe, Mt. Huntington-eko hego ertza inoiz egin dudan eskalada arriskutsuena izan da. Oro har, hormatzarrak gustuko ditut, eta Alaskan horietako asko igo ditut: Mt. Hunter-eko ‘Moonflower’ kontrahorma, Revelations mendilerroan lehen igoera batzuk sinatu ditut... Baina horietan guztietan lehen arazo zantzuetan rappelatzeko aukera izan dut. Ertz honetan, berriz, ‘ihes’ egiteko balizko pare bat rappel zeuden. Erokeria hutsa, baina hor zeuden. Egin ditudan lehen igoeren artean, azken honetan eite askok era perfektu batean lerrokatu behar izan dute: planifikazioa, klima, baldintzak, sokakideak... Den-dena perfektua izan zen, eta horrelako aukerak bizitzan gutxi izaten dira. Zorionekoak izan gara».

Adierazpen argi eta garden hauek Clint Helander-enak dira; Jess Roskelley kidearekin batera joan den apirilean Mt. Huntingtoneko (3.731 m) hego ertza lehen aldiz igo zuen. Sokada estatubatuarrak Alaskako mendietan 70eko hamarkadatik zintzilik zegoen kalitate handiko erronka borobildu du.

Baina hainbeste urte “itxaroten” egon den ertz horrek, zer ote du? Bada, lapikoan sartuko ditugun osagai guztiek azalduko dute. Lehenik eta behin, mendira egin behar den hurbilketa bidea egundoko abentura da. Bestetik, behin ertzean sartuta ia-ia ez dago ihes egiteko edo erretiratzeko aukerarik. Hirugarrenik, 3 kilometro luze da eta 2.500 metroko goranzko desnibela du. Laugarrenik, bost erpin eskalatu behar dira jarraian: Peak 9460, Peak 9800, Peak 10100, Idiot Peak eta azkenik Mt. Huntington. Bosgarrenik, ertz horrek bere baitan jasotzen dituen konpromisoa eta arrisku objektiboak. Seigarrenik, oro har eguraldi gogorra izaten da. Eta, nolabait bukatzeko, gainditu behar diren zailtasun teknikoak. Roskelleyk eta Helanderrek diote honakoa atera zaiela: M6, A0 eta 95°. Alaskako eskalan, berriz, 6; hots, eskalako gorena.

Hori guztia esan ondoren, protagonistok eite horiek guztiak askoz ere gehiago azpimarratu nahi izan dituzte. Eta diote ez direla inor balizko errepikatzaileei aholkuak emateko: «Esango genieke ez saiatzeko. Eta ez gabiltza txantxetan. Hurrengo hamarkadetan errepikatuko balitz, ezusteko handia hartuko genuke. Oso-oso nahasia da. Arrokaren kalitatea ona da, baina ertz horretan saiatzeko eguraldi perfektua behar duzu. Horretaz gain, oso garrantzitsua da eskaladaren aurreko egunetan elurrik ez botatzea; eta ibilbide guztian ahalik eta gutxienarekin eskalatzea».

Hori guztia Alaskako mendietan eskarmentu handia duten eta espezialista bikainak diren bi alpinistok diote. Nahiz eta mendiaren hego ertza eskalatu duten, protagonistok igotako bideari “Gauntlet ridge” deitu diote.

Estatubatuarrek, beraz, onartu dute zorte handia izan dutela, Alaskako denboraldiaren hastapenetan jarduera hori egiteko gai izan direlako. Batzuek diote Alaskako mendietan eta oro har Ipar Amerikakoetan azken urteotan egin den eskalada garrantzitsuenetarikoa izan dela.

Koskadun ertz horretan izaniko eskarmentutik bizirik ateratzea zortearekin parekatzen dute: «Une oro arriskuaren presentzia oso argia zen. Kontuan hartu behar da 3 kilometroko eskalada egin behar dela; oso nahasia, gainera. Ertz horrek hainbat erpin dituenez, denbora guztia eskalatzen eta rappelatzen pasatzen duzu. Onartzen dugu ertz horretan egin dugun eskalada ez dela batere sexya. Alaskan jarduten duten alpinista ia gehienek ez dituzte izaera honetako eskaladak egiten. Nahiago dute hormatzar tenteetan jardun. Hego ertz horretan, adibidez, makina bat erlaitz handi eta arriskutsu daude. Eta eskalada arriskutsua bada ere, guk gehituko genioke gogaikarria dela. Soilik espezialistak direnentzat da ‘aproposa’».

Sei egun

Roskelleyk onartu du egin berri duten jardueraren bultzatzaile nagusia Helander izan zela: «Urte asko zeraman ertz horrekin amets egiten. Bi alpinista mota daude. Batzuek helburu bat aukeratzen dute, ñabardura guztiak zehazten dituzte, informazio piloa pilatzen dute... Eta, gero, ni bezalako eskalatzaileak daude: laguntzaileak direnak. Mt. Huntington eskalatzea ez zegoen nire lehentasunen artean; are gutxiago ertz hori. Clintek sokakide bat behar zuen izaera horretako eskalada bat egiteko, eta ni prest nengoen».

Helander, beraz, xede horren buru izan zen, eta onartu du irten aurretik makina bat galdera erantzunik gabe zituela: «Argazki guztiak aztertu ondoren, argi neukan eskalada horrek asko eskatuko zigula. Eraman beharreko janariari dagokionez, bost egunetarako prestatu genuen. Baina nire buruan 1980an Hunter-eko hego-ekialdeko espoloia era alpinoan eskalatu zutenen irudia dut. Haiek sei egunetarako eraman zuten, eta igoera guztia egin ahal izateko 13 behar izan zituzten. Mt. Huntingtoneko gailurra bosgarren egunean zapaldu genuen. Beraz, jaitsierarako janaririk ez genuen».

Roskelleyk bere aldetik aipatu du inoiz ez zuela izaera horretako ertz bat eskalatu: «Ibilbide guztiak borobildu ahal izatea oso-oso zaila da. Beste eskalada batzuetan ez bezala, honetan ezberdin behar duzu pentsatu. Jakin badakizu kanpalekura era seguruenean itzultzeko gailurra egin behar duzula. Inoiz ez dut konpromiso hain handirik bizi».

Estatubatuarren jardun hau, berez, apirilaren 18an hasi zen. Egun horretan Tokositna izeneko glaziarrera hegazkinez heldu ziren. Hurbilketa bidean egun eta erdi pasatu zuten:&flexSpace;«Oso nekagarri eta arriskutsua da. Elurrezko aldats tentean ‘nabigatu’ behar izan genuen. Ondoan, serac-ak eta izotz-jauziak zeuden. Bigarren egunean, erlaitzez osatutako zelai labirintiko bat zeharkatu genuen; eremu klaustrofobiko horri ‘Deadth Valley’ deitzen diote».

Peak 9460ko hego aurpegira 19an iritsi ziren. Eta jarraian ertz horretan sartu ziren. Bide guztia egin ahal izateko lau egun behar izan zituzten. 23an, beraz, Mt. Huntingtoneko tontorrean ziren. Hori bai, janaria agortuta zuten. Jaitsiera, berriz, mendebaldeko isuritik egin zuten. Zoritxarrez, ekaitz bortitz batek harrapatu eta babesa hartzera behartu zituen. Bi egun beranduago, apirilaren 25ean, oinarrizko kanpalekura heldu ziren.

Bi protagonistok izan zuten eguraldiari dagokionez, Helanderrek adierazi du zorte handia izan dutela: «Apirilean zehar presio altuak jaun eta jabe izan dira. Ohiko denboraldia iritsi baino lehen esan behar dut Alaskan ez duela elurte handirik egin, eta apirileko egonkortasun horrek mendiak baldintza onetan utzi ditu. Horretaz gain, beste urte batzuekin alderatuta, oso izotz gutxi egon da. Adibidez, Peak 9460ra iritsi ginenean, erabat harrituta geratu nintzen; garbi-garbi zegoen! Une horretan jabetu nintzen une perfektuan eskalatuko genuela. Hego ertza eskalatu, gailurra egin eta oinarrizko kanpalekura iritsi ginenean, une zehatz horretan, elurte ederra egin zuen. Botatako elur horrekin hego ertza eskalatzea ezinezkoa da. Inolako zalantzarik gabe, geure xedea une perfektuan harrapatu genuen».