Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA LEHIA

Muriel Ruiz de Larramendik erakustaldi ikaragarria eman du

Nafarrak bi urre eskuratu ditu amaitu berri den Eskaladako Espainiako Kopan. Euskal ordezkariek emaitza bikainak lortu dituzte.

Joan diren 13an eta 14an, Zaragozan, Eskaladako Espainiako Kopak ateak itxi zituen. Fedme-k antolatutako erregulartasunaren zirkuituaren hirugarren eta azken proba izan zen, eta euskal ordezkariek lortutako emaitzei begiratzen badiegu, lasai asko aitor dezakegu bikainak baino bikainagoak izan direla.

Lortutakoenen artean, inolako zalantzarik gabe, Muriel Ruiz de Larramendik zirkuitu osoan emandako erakustaldia azpimarratu behar dugu. Ez gara hasiko 17 urteko (uztailean 18 beteko ditu) Uharteko eskalatzaile honek dituen dohainak azaltzen. Baina, bederen, nafarrak Espainiako Kopan erdietsi dituen emaitzak goraipatu behar ditugu; izan ere, ez dira batere ohikoak.

Sailkapen nagusiari begiratzen badiogu, ikusiko dugu Ruiz de Larramendik bi urre lortu dituela. Bat normala; hau da, 20 urtez azpiko bere mailakoa. Baina ezohikoa da seniorretan sinatu duen bere bigarren urrea. 17 urterekin, beraz, bi garaipen. Fedme-ren zirkuituaren historiari begiratzen badiogu (eta oker ez bagaude) lehen aldia da jubenil batek izaera horretako emaitzak lortzen dituena.

Nafarrak erakutsitako erabateko nagusitasun horrekin geratzen gara, baina, bide batez, ez dugu ahaztu nahi bere kide batzuk ere podium ezberdinetara igo direla. 18 urtez azpikoen mailan, mutiletan, lehen hiru koskak euskal ordezkarientzat izan da. Andoni Espartak irabazi du, bigarrena Eneko Carretero izan da eta hirugarrena Mikel Linazisoro. Horretaz guztiaz gain, Zuriñe Arruek, seniorretan, brontzea erdietsi du; eta Bittor Espartak zilarra 20 urtez azpiko mailan.

Horiek dira datu objektiboak: hiru urre, bi zilar eta beste bi brontze. Gainera, hainbat eta hainbat euskal lehiakidek top 10-ean sartzeko aukera izan dute.

Domina hauek guztiak Euskal Herrira ekarri aurretik, eskalatzaileok Zaragozan azken hitzordua zuten. Bi eguneko lehiak bizi izan ziren, eta lehenean jubenilen txanda izan zen. 116 gaztek hartu zuten parte; argi geratzen da Fedme-ren deialdia arrakastatsua izan dela.

16 urtez azpikoen mailari dagokionez, euskal ordezkariek ez zuten aukerarik izan finaletan sartzeko. Bai, ordea, hurrengo mailan; 18 urtez azpikoan. Ane Erostarbe zazpigarren postuan sailkatu zen. Eta mutiletan, berriz, euskal kutsua izango zuen podiumaren argazkia ikusi zen. Bai, lehen hiru postuak euskal lehiakideentzat izan ziren. Aurreko bi hitzorduetan bezala, Andoni Espartak ez zuen hutsik egin, eta garaipena lortu zuen berriro. Beraz, jokatu diren hiru lehietatik hirurak irabazi ditu; bat Mikel Linazisororekin berdinduta. Linazisorok, berriz, bigarren postuarekin behar izan zuen konformatu. Eta hirugarrena Carretero izan zen. Ikusten den bezala, hiru eskalatzaile hauek indar erakustaldia eskaini zuten. Horren adibide da Esparta eta Linazisoro finaleko bidea kateatzeko gai izan zirela; hots, hori lortzen lehiakide bakarrak izan ziren.

Bestalde, 20 urtez azpikoen mailan, arestian aurreratu dugun bezala, Ruiz de Larramendik ez zuen arazorik izan Espainiako Koparen hirugarren eta azken proba irabazteko. Lehiakide guztien artetik bakarra izan zen top-a lortzen. Bere indarrak zein eginiko pauso guztiak ondo baino hobeto neurtu zituen. Katera heltzeko, Ruiz de Larramendik berarentzat ohikoa ez den dinamiko bat egin eta finaleko bidea kateatu zuen. Andoni Espartak bezala, nafarrak Berriobeiti, Madril eta Zaragozako lehiak irabazi ditu. Finalisten artean beste hiru euskal ordezkari ikusi genituen: bosgarren sailkatua Maialen Lezeaga izan zen, seigarrena Suyapa Perez eta zazpigarrena Maitane Erro.

Maila berean baina mutiletan, Bittor Esparta euskal ordezkari indartsuena izan zen. Gogotsu eta garaipenaren bila irten zen. Finalaren bidean sartu, pauso gogorrenetariko batera oso ondo heldu baina hura gainditzeko aukerarik ez eta marra kateatu gabe geratu zen. Alabaina, hirugarren postua sinatu zuen. Martin Urrutia, berriz, bosgarren postuan sailkatu zen.

Bigarren urrea

Biharamunean nagusien hitzordua izan zen. Adin nagusikoentzat antolatutako maila bada ere, jubenil batzuek ere har dezakete parte. 60 eskalatzaile nor baino nor aritu ziren. Eta horietatik 16 (zortzina neska eta mutil) finaletara sailkatu ziren.

Emakumezkoei dagokienez, Zaragozako lehia hasi aurretik, Kati Guillen, Ruiz de Larramendi eta Marta Palouren artean soilik 20 puntuko aldea zegoen. Azken hitzordu hau irabazten zuena, beraz, 2017. urteko tituluaren jabe izango zen.

Nafarrak etxean (Berriobeitin) irabazi zuen, eta Madrilen finalera pasatu bai, baina ez zen podiumera igo. Azken honetan, berriz, ez zuen ezustekorik nahi eta sailkapeneko bidean onena izan zen. Finalean ere erakustaldia eman zuen, eta ekipatutako bidea kateatu zuen. Atzetik aurrera egin zuena Arrue izan zen, eta gazte nafarrak bezala, donostiarrak top egin zuen. Beraz, bigarren sailkatu zen.

Mutiletan, bestalde, aurreko hitzorduetan ez bezala, finalera euskal ordezkari asko sailkatu ziren. Linazisoro podiumetik gertu ibili zen, baina, azkenean, laugarren postuan geratu zen. Seigarren postua Iñaki Arantzamendirentzat izan zen, eta haren atzetik Esparta anaiak sailkatu ziren. Zazpigarren postuan Bittor eta zortzigarrenean Andoni. Nabarmentzekoa da lau euskal ordezkari horietatik hiru jubenilak zirela.

Zaragozako hitzorduak, beraz, Eskaladako Espainiako Kopari amaiera eman zion. Hiru lehietan lortutako puntuak batu ondoren, sailkapen nagusi ezberdinak argitu ziren.

Euskal eskalatzaileen emaitza azpimarragarrienak honakoak dira: Ruiz de Larramendik bi urre, eta Andoni Espartak bat. Carreterok eta Bittor Espartak zilarra lortu dute. Eta Arruek eta Linazisorok brontze bana lortu dute. Horretaz gain, top 10-ean hainbat euskal ordezkari sailkatu dira. Aipatzeko modukoa da Bittor Esparta, seniorretan, laugarrena izan dela.