Andoni ARABAOLAZA
ALASKA

Mt Hunter-eko ipar kontrahormakbakarkako lehen igoera izan du

Egilea Colin Haley estatubatuarra izan da, eta jarduera osoa biribildu ahal izateko 17 ordu eta 13 minutu behar izan ditu. 2012. urtean eginiko saioan bezala, Begguya izeneko kontrahorma horretako hainbat bide lotu ditu. Teknikoki M5 eta AI4 zailtasunak gainditu ditu.

«2012. urteko maiatzean Mt Hunter-eko ipar kontrahorman bakarkako saio bat egin nuen. Begguya izeneko sektore hori egiteko oso gertu izan nintzen baina, leher eginda nengoenez, ekinaldi hori bertan behera utzi nuen. Gailurra zapaltzeko soilik 80-100 metro falta zitzaizkidan! Jakin badakit 1.500 metroko garaiera duen kontrahorma horrentzat zintzilik utzitako metro horiek oso gutxi direla, baina, jakina, eginiko lanak ez ninduen erabat bete. Gauza bera gertatu zitzaidan Alex Honnold-ekin batera Patagoniako Torre mendilerroaren zeharkaldian. Egun bateko jardunean borobildu nahi genuen, baina, oso gutxigatik izan arren, ez genuen geure helburua bete. Mt Hunter-eko eskaladari dagokionez, iragan maiatzaren 12an, nire ametsa betetzeko aukera izan nuen. Orain aitor dezaket duela bost urte eginiko ekinaldian izaniko porrotarekin pozik nagoela; izan ere, azken igoera hau asko hobea eta eraginkorragoa izan da».

Adierazpen horiek Colin Haley-renak dira; hots, Mt Hunter-eko (4.442 m) ipar kontrahorma bakarka lehen aldiz igo duen alpinistarenak. Begguya izeneko zati hori eskalatu ahal izateko, hainbat bide lotu zituen, eta jardun osoa egiteko (igo eta jaitsi) 17 ordu eta 13 minutu behar izan zituen.

Alabaina, estatubatuarrak onartu du ez dela abiadura-errekor baten bila joan: «Baten batek eginiko denborari garrantzia emango dio; nik, aldiz, ez. Nik benetako garrantzia eginiko igoerari ematen diot. Horrekin esan nahi dut, duela bost urteko saioarekin alderatuta, azken hau askoz ere hobea izan dela. Bai, azkarrago igo dut, baina era berean lasai, konfiantzaz, segurtasunez... Eta, gainera, ez nahiz hainbeste nekatu. Hobekuntza horiek erabat betetzen naute, batez ere ikusteak nire helburuak sinatzeko zer-nolako progresioa izan dudan».

Bakarkako igoera teknikoetan espezialista den protagonista estatubatuarra jarduera hori era askean eta bakarka egiteko oso-oso arin joan zen: rapelatzeko 80 metroko (6 mm) soka bat eta lau litro ur. Haley-k 40 rapel baino gehiago egin zituen, eta adierazi du, berak jarritako tresneriaz gain, aldez aurretik beste alpinista batzuek utzitakoa erabili duela.

Alpinista honek igoera azkarra egin du, baina ez erabatekoa; eta hori ulertzeko aipatu behar da hainbat zati tekniko gainditu behar izan dituela. 2012. urteko ibilbide bera aukeratu zuen: «Kontrahorma horretan dauden hainbat marra lotu egin nituen. Eta, horretaz gain, nik neuk eginiko aldaerak. Hala eta guztiz ere, uste dut pareta horretako bide errazena jarraitu nuela. Zailtasun teknikoei dagokienez, oro har, M4/M5 mistoan eta AI4 izotzean gainditu nituen. Marraren giltza, bestalde, berezia izan zen oso. Diedro baten itxura du. Alde batean arroka eta bestean serac-aren izotza nituen. Horrela bada, diedro bitxi hori igo ahal izateko, nire ezkerreko oina eta eskua arrokan jartzen nituen eta eskuineko oin eta eskuarekin hartzen nuen pioleta izotzean. Arrisku gehienak saihestu ahal izateko, tarte hori mantso eta arreta osoz eskalatu nuen».

Soka bizkar-zakuan

Alaskako mendietan egiten diren jarduerak ondo baino hobeto ezagutzen dituztenek baieztatu dute, Haley errekor baten bila joan ez bada ere, bere igoera oso-oso azkarra izan dela. Errimaiatik bibaka egiten den erlaitzera soilik 5 ordu eta 18 minutu behar izan zituen. Aipatu behar dugu sekzio horretan zailtasun tekniko adierazgarrienak pilatuta daudela. Hormatzarren goiko zatia, ipar-ekialdeko gailurreria eta tontorra lotzeko, berriz, bi ordu eta erdi. Ibilbide horretan AI3 zailtasuneko hainbat tarte eskalatu zituen. Tontorra arratsaldeko ordu biak eta 22 minutuan zapaldu zuen.

Denbora horiek guztiak ulertu ahal izateko, zehaztu behar dugu, oso sasoiko egoteaz gain, Haley Mt Hunter-eko ipar kontrahorma horrekin erabat harrapatuta dagoela. Arestian aipatu dugun bibak horretara edo hortik gora bost aldiz igo da. Eta paretaren gogortasuna (eguraldia ere bai) benetakoa denez, estatubatuarrak gailurra bitan soilik lortu du.

Azken saio horretan arrakasta izateko, Haley-k adierazi du duela bost urteko saioarekin alderatuta hainbat aldaketa egin dituela: «Azkar eta era eraginkor batean eskalatzeko jakin banekien, oso sasoiko egoteaz gain, eskalatzeko orduan nire tresnerian aldaketaren bat edo beste egin behar nuela. Oraingo honetan ere soka eraman dut, baina soilik rapelatzeko. Beraz, igoera osoan bizkar-zaku barruan egon da. Horrekin esan nahi dut 2012. urteko ekinaldian hainbat tarte teknikotan soka gerrira lotu nuela. Maiatzaren 12an eginiko igoeran, aldiz, ez nuen soka erabili. Agian, batzuek pentsatuko dute hori ez dela garrantzitsua. Bakarkako eskalada egiten dutenek jakin badakite sokaren erabilerak denbora asko kentzen dizula: jaso, askatu... Eta kontuan hartu behar da 1.500 metroko kontrahorma dela, tentea, arroka, izotz eta elurrarekin... Eta horretaz guztiaz gain, makina bat zeharkaldi luze daude. Soka bizkar-zakutik atera izan banu, eginiko lana biderkatuko zen; alegia, lan gehigarri bat izango zen. Bestalde, azken igoera horretan soilik 4 litro ur eraman dut. Eta rapelatzeko ere den-dena oso ondo antolatu nuen. 40-45 rapel izan ziren. Horiek egiteko nik eramandako tresneriaz gain, beste talde batzuek prestatutako rapelekin egin nuen topo eta eskaladaren jarduna baino egun batzuk lehenago nik neuk beste batzuk antolatu nituen. Horrekin guztiarekin argi geratzen da aurrera eraman nuen estrategia eraginkorra izan zela oso. Eta horri esker eskalada askoz azkarrago eta errazagoa izan da».

Lehen saiotik arrakasta izan duen bigarrenera bost urte igaro dira, eta Haleyk dio, berez, azken igoera hori ez zuela aurreikusita: «Jakina, xede hori borobildu eta duela bost urte utzitako arantza kendu nahi nuen. Gertatu dena da neguaren amaiera eta udaberriaren zati bat Chamonixen pasatu dudala. Nepalera joateko gogoa nuen, baina Chamonixen asko gozatzen ari nintzen. Onartu behar dut goi mailako eskaladarik ez nuela egin. Aipatzeko moduko bakarra pare bat kiderekin eginiko Petit Druko «amerikarren» bidea da; hori bai, mistoko baldintzetan. Chamonixera edo Alpeetako beste leku batzuetara joaten naizenean helburu handiak baztertzen ditut. Alpeetako mendiak zirraragarriak dira, baina Alaskako, Patagoniako eta Himalaiako mendiekin alderatuta, ez dira hain zorrotzak. Alpeak era askean edo azkartasun igoerak egiteko erakargarriak dira baina, nire ustez, alpinismo modernoan benetan garrantzia duten jarduerak beste mendilerro batzuetan egiten dira. Hala ere, Alpeak eta bereziki Chamonix entrenatzeko eta eskalada ederrak egiteko alderdi paregabeak dira. Han hartutako sasoiak eta eskarmentu guztiak Mt Hunter-eko eskaladarako asko lagundu naute. Guztiz pozik nago azken bost urteotan alpinista bezala izan dudan progresioagatik, eta hori azken eskalada horretan nabaritu dut».