GARA
TAIPEI

Taiwanek jarrera irekia eskatu dio Pekini Tiananmenen inguruan

Tsai Ing-wen Taiwango presidenteak Tiananmengo sarraskia «irekitasunez» aztertzeko eskatu die Pekingo agintariei, Estatu indarkeriaazko gertaera dokumentatuenaren 28. urteurrena betetzean. Gainera, uhartearen «esperientzia demokratizatzailea» eskaini zien Txinako Herri Errepublikako buruei.

1989ko ekainaren 3 eta 4an Pekin hiriburuko Tiananmen plazan elkartuta zeuden manifestarien aurkako errepresio gogorra agindu zuten garaiko agintariek. Tsai Ing-wenek nabarmendu du «ikasle eta herritar talde hark belaunaldi baten bidea argitu» zuela.

Presidenteak esandakoaren arabera, azken urteotan Hong Kong eta Txinako herritar asko joan izan da Taiwanera «bere demokrazia eta askatasuna» ikusteko eta berresteko horiek lortzean «ezin dela atzera egin». Taiwanen bertan ere tankerako sarraskiak egin zituzten 1947an zein 1979an, «baina uharteak bere akatsetatik ikasi du».

Hong Kongen ere gogoan izan zuten triskantza. Antolatzaileek esan zuten 110.000 herritar elkartu zirela «diktadura» salatu eta demokrazia exijitzeko (iaz baino gutxiago, iturri horren arabera). Txinako Mugimendu Demokratikoen aldeko Hong Kongeko Aliantza 1989an sortu zuten, Pekingo agintariei hortzak erakutsi zizkieten ikasleei babesa emateko. Atzoko ekitaldian Tiananmenen hildakoen senideen testigantzak entzun ahal izan ziren. «Zerbait gertatuz gero, ondoko eraikinean ezkutatu eta etxera arazorik gabe itzuliko gara», esan zion alabak atzoko ekitaldian mintzatu zen emakume bati.