16/06/2017

Reportaje
 
Haur etorkinak eroso sentiaraztea, euren gizarteratzea erraztearren

Gipuzkoako SOS Arrazakeriak orain hiru urte mentoretza proiektu bat hasi zuen, Urretxindorra izenpean; horren baitan 10-14 urteko ume etorkinek unibertsitateko ikasle bana izaten dute mentore edo erreferente, euren gizarteratzea errazten laguntzeko.

Ane URKIRI
0616_eh_urretxindorra

Kalera ateratzeko pertsona bat izatearekin bakarrik laguntzen dugu, agian gure babesik gabe aste osoan etxean egongo bailirateke», esan du Lourdes Velascok, aurten mentore izandako Deustuko Unibertsitateko ikasleak. Urretxindorra proiektua sortu zenetik hartzen duela parte aipatu du Velascok, eta aurretik boluntario lanak egina zela, orduan pertsona helduekin. Ikasketetako aukerako ikasgai bat boluntariotza edo gizarte parte-hartzea zela ohartu zenean, berriro boluntariotzara itzultzeko nahia piztu zitzaion; horregatik sartu zen Urretxindorra mentoretza proiektuan.

Hiru urte ditu egitasmoak (2014an sortua) eta aurtengo edizioan parte hartu duten bikote kopurua bikoiztu egin da iazkoaren aldean. SOS Arrazakeriako Mugak-Immigrazio, arrazakeria eta xenofobiari buruzko ikerketa eta dokumentazio zentroak jakinarazi duenez, iaz 14 bikote osatu zituzten eta aurten guztira 28ra iritsi dira. Donostia, Hernani eta Errenteriako zazpi eskolatako haurrak dira etorkinak; mentoreak, berriz, EHUko, Deustuko Unibertsitateko eta Leizaran Institutuko Giza-integrazioko goi-mailako zikloko ikasleak.

Velascoren ustetan, bere laguntzak etorkizun bat eraikitzen baino, egunerokoan eroso sentiarazteko balio izan dio Ekuatore Gineako jatorriko haurrari: «Egoera ezberdinetan nolako jarrera izan behar duen erakutsi diot». Hasieran ez zekien bere zaintzan egongo zen umea baztertua zegoela, baina gero jakinarazi zioten arrazakeria sufritzen zuela. «Azkenaldian, baina, kontatu izan dit bere klasekideekin zer nolako ekintzak izan dituen eta abar», dio Velasco, eginiko lanarekin harro sentitzen dela baieztatuz. Haur bakoitzak ezaugarri ezberdinak dituela-eta, Aitor Martin EHUko Pedagogia ikasleak dio, enpatia garatzearekin batera, mugak jartzen ikasi duela, zaintzan izan duen Hondurasko gaztearekin: «Nire haurra oso mugitua zen eta horrek askotan jarrera eskasak edukitzera eramaten zuen; kasu horretan, egoera ezberdinetan, mugak non kokatu ikasi dut».

Hondurasko beste gazte baten mentore izan da Martin Sarasola, EHUko ikaslea. «Hamar hilabete hauetan ikusi dut eboluzio bat, lagun talde bat eraiki du, seguruago sentitzen da, euskararekiko jarrera ere hobetu du, eta familiakoek diote egonkortasun batera iritsi dela eta etxean sarritan kontatzen zituela egunean zehar nirekin egindako jarduerak», azaldu du Sarasolak, poztasunaren islatzat joz. «Erosotasun egoera landu behar da, beste alderdietan ere hobetu dezan», azpimarratu du, eremu akademikoa adibidetzat jarriz. Iaz lagunekin izena emateko asmoa zuen, baina denbora falta zela-eta atzera egin zuen; lagunen esperientzia onak «indartu egin ninduen aurten konpromisoa hartzera eta oso harro nago».

Erreferente izan

«Mutual benefit» kontzeptua nabarmentzen du proiektuak; hau da, aldebiko onura garatzen dela. Haurrek zein helduek ikasten dute kurtso bateko iraupena duen proiektu honetan. Horretaz galdetuta, mentoreak guztiz ados azaldu dira. «Bai», esan dute hirurek ziurtasunez. «Hasieran pentsatzen duzu zu izan behar zarela lagungarri bakarra eta aholkuak ematea erraza izango dela, baina martxan jartzean ohartzen zara aholkuak eman bakarrik ez, eredu izan behar zarela esandakoarekin eta alde horretatik asko ikasi dut», nabarmendu du Sarasolak.

«Erreferente ez dakit, baina bai eskatzen dit nire iritzia gizarteko arlo askotan; galdera asko egin izan dit. Eremu akademikoan ez, ez baitzitzaion horretaz hitz egitea gustatzen; gure helburua espazio eroso bat eraikitzea denez, nik ere ez dut presionatu nahi izan», kontatu du Aitor Martinek. Iaz Gipuzkoako SOS Arrazakerian praktikak egin zituen, pedagogia alorrean, eta kontaktuan jarraitzeko nahiak bultzatu zuen aurten proiektu honetan murgiltzera.

«Ni nagoen lekura iristea, hau da, unibertsitatean ikastera, hel daitekeela jabetzea da proiektuaren helburu nagusietako bat –dio Sarasolak–. Ni joan nintzen institutu berera doa eta horren inguruko galderak egin izan dizkit. Gero ez dakit zer egingo duen, baina erreferentzia bat ezartzea eta gure bizimodua ezagutaraztea izan dut xede».

Egitasmo hau beharrezkotzat jo dute hiru ikasle hauek, askotan egunerokoan ez baitira azaleratzen haur askoren arazoak. Hori horrela, guraso eta familiakoen esker ona jaso dute. «Familia ez da bizi egoera egokienean, harreman estua izan dut beraiekin, eta haurraren jarrera hobetzea asko eskertu dute», adierazi du Martinek. Era berean, kontaktu hori baliatu du ere haurrarekin harreman hobea eraikitzeko. Familiakoek jakinarazi diote hobekuntza izugarria izan duela jarrera aldetik, errespetu handiagoarekin jarduten baita: «Eskolan ez da hobetuko, ezin izan baitut landu, baina bai arlo sozialean, eta hori jauzi garrantzitsua izan da berarentzat». Lourdes Velascoren kasuan kurtso hasieran hitz egin zuen umearen ama eta anaiarekin, «anaia umearen tutore ofiziala da ama etxean ez dagoenean, Gineara asko bidaiatzen baitu», zehaztu du. Kurtsoan zehar, ordea, ez du kontaktu handirik izan, baina hasieran aipatu zioten poztasunak irauten duelakoan dago.

Joan den ostiralean amaiera ofiziala eman zioten ikasturteari; jaialdi bana antolatu zuten Donostian eta Hernanin, eta, Aitor Martinen aburuz, «egunerokotasunean ikusten ez diren alderdi emozionalak agerian uzteko balio du». Sarasolak jakinarazi du irailean kurtso hasierako jaialdi bat egin zutela, «ezagutarazteko, eta oraingoa, ekainekoa, ziklo bat ixteko egiten da, bakoitzaren analisi, hausnarketa eta oparitxoekin».