Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren adikzioak

Adikzioak ere ageri dira nork bere identitatearekin egiten dituen hitzarmenetan. Identitateak sortzen diren bezala, hark eraiki diezaioke nortasunari neurriko adikzioa. Zaletasunak mendekotasunera eraman gaitzake eta, normalki, jakinaren gainean gaude; ezin diogu beti errua arduragabekeriari bota. Norberak eragindako ekintza da eta ezin dugu estigmatizatu. Mendean gaudenean inork gutxik adierazten du mendekotasunaren zoria.

Jon Kirru Iparragirrek diskoari “Adikzioak, minak eta desirak” izenburua jarri dio. Hasieran pentsatu nuen “ni ez naiz inor zu gabe, behar zaitut orain” esaldiak maitasun erromantikoan zituela sustraiak. Segituan argitu zidan kritikak ez zitzaizkiola etorriko maitasun erromantikoa hankaz gora jartzen duen mugimendu feministaren ingurutik.

Adikzio gehiago. Heroinak, opiazeoek eta deribatu kimiko-farmakologikoek mundua aldatu dute azken garaian, AEBetan 40.000 heriotzatik gora eragiten ditu urtean. Droga guztien legeztatzeak aldaketa asko ekarriko lituzke, baina jakin behar da sistemak eta botere faktikoek ez dituztela legalizatu nahi. Botereak narkoa besapean darama eta utzitako irabaziak galantak dira.

Fentanilo eta opiazeoen koktelak suntsitzaileak dira zeharo. Baina jendeak badaki zertan ari den harreman estu horrekin. Prince akabatu zuen. Oraindik ere txundituta jarraitzen dut ikusita fentaniloaren mendean zela ere nola idatzi ahal izan zuen 2014an “Marz” abesti bizi, indartsu eta trinkoa. Kantuaren 108 segundoek mendean hartu ninduten, Prince basatia rocka astinduz fentaniloaren mende.