GARA
IRUN

Alardean ere berdintasuna bermatu behar dutela esan die Arartekoak agintariei

«Herritarren eskubideak sustatzeko lana betez, Arartekoak gogorarazi behar du botere publikoek funtsezko zeregina betetzen dutela gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna eragozten duten oztopoak kentzeko orduan», azaldu zuen Arartekoak atzo, gaurko Irungo San Martzial Alardearen karietara kaleratu zuen adierazpenean.

Erantsi zuen «oso garrantzitsua» dela «herri-agintariek esplizituki aitortzea zer-nolako ekarpena egiten duten urtero Irungo kaleetan berdintasunezko alardea antolatu eta ospatzen duten gizon-emakumeek».

«Desfileetan ikusten den harmonia eta zehaztasuna antolaketa-ahalegin handiaren eta milaka parte-hartzaile eraginkorren ondorio dira. Bereziki, Arartekoak atseginez ikusten du emakumeek jai horretan parte hartu ahal izateko tokia lortu dutela, berdintasunezko alardean desfilatzen dutela, hala nahi badute, eta dezente arindu dela eskaera horrengatik luzaroan bizi izan den tentsioa», gaineratu zuen erakundeak.

Agintariei azken eskaera bat egin zien: «Herri-agintariek protagonismo nagusia dutenez gero, Arartekoak espero du agintari horiek beharrezko baliabideak jartzea pixkanaka aurrerapenak lortzeko, herritarren artean bizikidetza-giroa eta jai ospakizun barneratzailea lortzeko (…) pertsonen berdintasunean oinarritutakoa».