Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Entrevista
IñIGO LANDA LARRAÑAGA
SURFLARI ETA AIZKOLARIA

«Surfa apaldu eta aizkora bultzatu behar da, batean jende gehiegi dago eta bestean jendea falta da»

Bizi osoa surf egiten pasatu ostean bere lehengusu bati sorpresa bat ematearren aizkoran hasi zen 37 urteko zarauztarrak nahikoa lan badu gehien maite dituen bi kirolak uztartzen, baina denera iristen da, eta pasatzen den leku bakoitzean lorratza uzten du. Batean zein bestean, gehien miresten dituen kirolariak ditu lagun eta horregatik zorioneko sentitzen da. Badu zer kontatu surflari/aizkolari honek.

Nola hasi zinen surf egiten?

Oraindik oso hedatua zegoen kirol bat ez bazen ere, nire inguruan jende askok egiten zuen, lehengusu guztiak hasiak ziren eta lagun batzuk ere bai. Joseba Iriondorekin ikastaroak egin nituen eta horren ostean nire kabuz jarraitu nuen surf egiten anaiarekin batera.

Eta aizkoran, nola hasi zinen?

Iban Landa, lagun eta lehengusuak, istripu larri bat izan zuen eta hilzorian egon zen. Koma egoeratik atera zenean, etxera itzultzen zenerako ongietorri bat prestatzea pentsatu genuen kuadrillan. Iñaki Perurena etorrarazi genuen, eta baita mugertzatarrak ere, aizkolari profesionalak, zeren Ibani beti gustatu izan zaizkio herri kirolak, eta batez ere aizkora.

Orduan sorpresa emateko Mugertzari galdetu nion ea egun horretarako aizkoran egiten irakatsiko zidan, eta horrela hasi nintzen. 2011ko maiatzaren 24an izan zen, haiekin atera nintzen lehen aldiz. Izugarri tardatu nuen egurra bitan banatzen, ez dut oroitzen zenbat denbora, baina 13 edo 14 minutu izango ziren. Helburua ordea, lortu nuen, alegia, Iban «flipatuta» lagatzea. Hori zen garrantzitsuena.

Bi kirolen artean antzekotasunik ikusten duzu?

Oso-oso desberdinak dira. Tira, beste edozein kiroletan bezala, zerbait egin nahi baduzu dena eman behar duzu, sufritu beharra dago urratsak emateko, bai uretan eta bai aizkoran, baina gainerakoan ez diet antzekotasunik ikusten. Hori bai, biek engantxatu naute, baina desberdinak dira.

Surfa droga bat bezalakoa da. Olatu handi bat, tubo borobileko olatu zail bat edo olatu potente bat dominatzeak erakarri egiten gaitu. Zenbat eta zailtasun gehiagoko olatu bat menderatu, orduan eta gusturago sentitzen gara. Naturarekiko harreman mota horrek asko erakartzen nau.

Aizkoran, berriz, erronka neure buruarekin da, egur gehiago moztu, denbora jakinetan... gero eta egur gehiago moztu, tamaina handiagokoak, denbora laburragoan, erronkak gainditzeak... Ikusten dudanean ondo eusten diodala oso gustura jartzen naiz.

Nola deskribatuko zenituzke kirol bakoitzean izan dituzun ibilbideak?

Surfa bizi osoan egin dudan zerbait izan da, eta aizkora berriz, berandu probatu nuen. Beraz, ibilbide laburra egin dut orain artean aizkoran. Surfa beti maitatu dut, maitatzen jarraitzen dut, eta hil artean egingo dudala uste dut, baina egin nezakeena jada egin dut, topea jo nuen, orain, erronka moduan hartu beharrean, gozatu egin behar dut. Aizkora munduan ordea, hastapenetan nabil, oraindik aurrera begira erronka asko ditudala uste dut.

Egun oraindik surf munduaren parte sentitzen zara?

Bai, noski. Gaur egun denbora gutxiago eskaintzen diot, zeren ez dut lehen adina denbora, bi alaba dauzkat, lana... Pasa den astean adibidez, aizkoran hiru bider egin nuen eta surfa behin bakarrik, eta aste honetan aizkoran behin egin dut eta surfa batere ez.

Surf gutxiago egiten badut denborarik ez dudalako da, zeren agian ez dut itsasaldi egokia hartzeko aukerarik, edo olatuak hartzeko mugitu beharra daukat, Orruara edo iparraldera, eta ez dut astirik. Aldiz, aizkoran egiteko errazago da, ordu bat hartu, aizkoran egin eta ezpal soberakinak hurrengo egunean jasoko ditut.

Surf egin, mundu osoan egiten da, baina aizkoran?

Bai, leku askotan egiten da, Australian adibidez, elkartasun jokoetan ondo aritzen dira eta zutikako enborretan ere bai. Kanadan ere bai, baina enbor bat edo bi mozten dituzte, zutikako edo azkartasun proba laburrak egiten dituzte, baina hogei kana-erdiko moztu, hori ez da inon egiten, ezta hamar ere. Euskal Herrian adinako erronkarik ez da inon egiten.

Nola ikusten duzu gaur egun surf mundua?

Badirudi gainezka egin duela. Polita da jende asko ikustea, baina guk bizi izan genuenarekin alderatuta egungoari negozio itxura handiagoa hartzen diot. Hala ere, surfa beti gustatu izan zait eta surf mundua ere bai, baita gaur egun ere.

Eta aizkora mundua?

Aizkora mundua oso tradizionala da. Egia da egun ez daudela lehengo aizkolari haiek, goizean goizetik jaiki eta basora lanera joaten zirenak. Anjel Arrospide edo Mikel Mindegia bezalako aizkolariak gehiago ez daude. Haiek ez dute besterik egin, egungoak ostera, fabrika batean ibiltzen dira lanean, edo igeltsero, eta lanetik atera ostean entrenatzen dute, beraz ez dira lehengoak bezalakoak, baina hala ere gertu ibiltzen dira.

Surflari bat eta aizkolari bat hautatu behar izango bazenitu, nortzuk aukeratuko zenituzke?

Surflaria Axi Muniain, zeren beti harrituta uzten gaitu, ikusi beharreko denak ikusi ditugula uste dugunean erakustaldi berri bat egiten du. Olatu erraldoiak hartzen ditu, ez dakit zenbat bider sartu den XXL izendapenetan. Oroitzen dut biok txikiak ginenean bideoak ikusten nola elkarri komentatzen genion, «ikusten dituk olatu horiek? Begira hor zer egiten duten... », eta orain bera hor dago, punta-puntan. Oso surflari ona da edozein baldintzatan, baita olatu txikietan ere, baina batez ere olatu handietan. Niretzat idolo bat da.

Aizkolari bat, Ugaitz Mugertza, mutrikuarra, zeren altuera gutxi eta kilo gutxi ditu. 1'79 cm et 77 kilo, hori aizkora munduan oso gutxi da, ez da batere ohikoa. Gehienek 1'85etik gora dute eta 95 kilo baino gehiago pisatzen dute. Hain pisu gutxirekin goi mailako lehen postuetan egotea sekulakoa da. Holako aizkolari txikia eta besteen parean badago, horrek esan nahi du teknikoki oso ona dela, eta pisu gehiago balu nire ustez onena litzateke. Teknikoki, aguantean eta egiten duen borroka, ez diot ikusi beste inori egiten.

A ze zortea miresten dituzun kirolariak hain gertu izatea, ezta?

Bai, sekulako zortea daukat, bai batean eta bai bestean, aholku asko ematen dizkidate eta asko hitz egiten dugu elkarrekin, bai Mugertzarekin eta baita Muniainekin ere.

 

Aizkoran hasi zarenetik jendeak zerbait esango dizu, ezta?

Bai, adar jotze asko egiten didate, surflariek aizkoran hasi naizelako, eta aizkolariek surflaria naizelako, baina orokorrean harrera ona izan dut, gehienek gauza bitxi bezala ikusten dute.

Berriki surf taula erraldoi batean aizkoran egiten ikusi zaitugu. Ez duzu uste norbaitek kirol honekiko iseka gisa har dezakeela halako gauzak egitea?

Lagun artean egin genuen zerbait izan zen, eta lagun guztiok aizkora munduari errespetu handia diogu. Ez genuen egin inor mindu edo inori barre egiteko, jolas moduan egin genuen zerbait izan zen.

Baina ez da jolas bat, oso arriskutsua izan daiteke...

Lehorrean ere oreka duzunean ematen duzu kolpea, balantza apur bat nabaritzen baduzu ez duzu aizkora botatzen. Lehorrean ere egon zintezke egur gainean eta oreka txarrarekin, eta orduan ez duzu kolpea botako. Kolpea eman behar da ondo zaudenean. Nik ez nuen kolpea edonola botatzen. Bota botatzeagatik? Ez! Soilik oreka nuenean eta ziur nengoenean botatzen nuen aizkora.

Zaila izan zen?

Bai oso-oso zaila, pentsatzen nuena baino zailagoa. Gainera, olatu pixka bat zegoen eta zaila zen orekari eustea.

Aurrera begira helburu zehatzik baduzu?

Surfean jada topea jo nuen, ez dut orain arte egindakoa gaindituko, ez dut maniobra hoberik egingo edo olatu zailagorik jaitsiko; beraz, gozatu egin behar dut, erronkarik gabe. Aizkoran ordea, denbora gutxi daramat, ikasten ari naiz, gozatzen ari naiz eta gainera adinean aurrera egiteak ez dit surfean adina eragiten. Oraindik gehiago egin dezakedala sentitzen dut.

Zerbait aldatuko zenuke bi kirol horietan?

Herri kirolak sustatzeko esfortzua egin beharko litzatekeela uste dut, ez dakit, komunikabideen bitartez edo, jendeak ezagutu dezan. Herri kirolek izan dute gorakada txiki bat azken urteetan, baina oihartzun handiegirik gabe. Aldiz, surfa, justu kontrakoa da, ez du publizitaterik behar, jendea berez erakartzen du. Hortaz, zerbait aldatzekotan hori aldatuko nuke, batean jende gehiegi dago eta bestean jendea falta da. Batean animatu egin behar da eta bestean esku-frenoa bota.