Jon GARMENDIA
Idazlea

Asteroidea

Distantzian bizitzera ohitzea; hori dakar desira den tokitik beti urrun egoteak, nahiz eta metro bakar bat izan, separatzen zaituena ez delako espazio fisikoa, ezindura baizik, egon nahi duzun tokian egoteko ezintasun fisikoa. Orduan zaude hemen, eta maite duzun guztia gertatzen da han, dimentsio bateraezinak sortzen dira, gogoak baino ezin ditzakeenak lot, eta arnasaldi bakoitzean urruntzen ari zarela sentitzen duzu. Nahi duzun tokira izan ezik, noraezaren maindireak bilduta nahinora zaramatzala nabaritzen duzu, unibertsoan galdutako asteroidea bazina bezala, Marte eta Jupiterren arteko gerrikotik ihes egin duena; horregatik ikusten zaituzte izar bat bezala, urrunean diz-diz eginaz, ia ikusezin, zu material arruntaz egina bazaude ere, eta ikusten ez diren zuloz beteta. Itsasoa funtziorik gabeko agertoki bat da eguneroko kafe kikara zerura begira husten zoazen bitartean, han ez baita heldulekurik ageri, ez eta ailegatzeko eskailerarik ere, prefosta. Errepideak autoz betetzen dira kezkak zure bizkarrezurrean bilintzi-balantza jolasean dabiltzan bitartean. Eta lursoroak kaiolak dira haragizko bihurtzen ez diren ispilatzeak eskaintzen dizkizutelako. Arnasketan sakon, txikitako usainak heldu zaizkizu oroitzapenak ahanztearekin batera. Zu ez zauden tokia zure begiradan baino ez dago. Agian denbora kontua baino ez da, distantzia ez baita zenbat kilometrora dagoen zure jomuga, hura ikusi arte pasatuko duzun denbora baizik.