01/08/2017

Crónica
LAKUNTZATIK
Atzera-kontu krudela

Igande gauean dena ziren besarkadak, malkoak eta barreak. Egindako lan gogorraren fruituak jasotzearen ondorio. Hatortxu Rock 20 amaitzear zegoen eta gutako askorentzat bizitzako erronka erraldoiena izan dena arrakasta handi gisa sentitu dugu. Tentsioa barne hustuketa bihurtu zen. pozarren, egindako lanarekin eta honek itzulitako emaitzarekin.

Aitor AGIRREZABAL
0801_eg_hatortxu

Zer da asteburuan zehar lortutako guztia, euskal preso politikoen kopuruaren atzera-kontua horietako baten heriotzak azkartzen badu?

Eta atzo ekin genion desmuntatzeari. Goizean malkorik ez, baina irribarreek bazirauten. Bukatu eta atseden bat hartzeko gogoz. Baina 12.00ak aldera gogor jo gintuen errealitate gordinak. Garaile atera ginen igandean, eta kolpe hotz batez esnatu gintuen. «Kepa del Hoyo presoa kartzelan hil da, bihotzeko bategaz», zioen Whatsappeko taldeak. Hilabeteetako lan honetan argi utzi nahi izan dugu nahikoa dela, atzera-kontua martxan jarri behar dugula eta denak etxean, bizirik eta aske nahi ditugula. Behar ditugula. Baina Kepa ez dugu berriz lagun artean ikusiko. Kepa ez dugu sekula Hatortxu Rocken ikusiko. 20. edizioa antolatu berri dugu eta Hatortxu Rock jaio aurretik atxilotu, espetxeratu eta urrundu zuten galdakoztarra. 20 urte, etxetik 750 kilometrora.

Zaila da oso halako uneetan emozioak kudeatzea, are gehiago aurretik bizitako guztia oraindik ere azalean dagoenean. Orduan zentzuzko ezer artikulatzea ezinezkoa da. Amorruak eta etsipenak ere agerraldia egin nahi dute. Zer da asteburuan zehar lortutako guztia euskal preso politikoen kopuruaren atzera-kontua horietako baten heriotzak azkartzen badu?

Beti diogu ez dugula Hatortxu Rock antolatu nahi. Eta jipoi handia suposatu du aurtengo honek. Baina arrazoiak inoiz baino handiagoak izaki, lanean jarraitu beharra dago denak etxean izan arte. Asko gara, baina «asko» horretan sartzen ez direnak ere beharko ditugu estatuen krudelkeria sistematiko hau eteteko. Ahanzturan hiltzen utzi nahi dituzte. Eta atzo ere isiltasuna izan zen nagusi.

Eta hori da Hatortxu Rocken helburuetako bat. Isiltasuna zarataren bidez galaraztea. 328 atzera-kontu ditugu martxan. Des-kontrol taldea larunbatean itzuli zen Hatortxura bere aletxoa jartzera. Ikusgarria izan zen milaka eta milaka lagunek nola eman zioten amaiera kontzertuari “Duintasunez eutsi” abestuz: «Hemen egongo baikara beti». Hau praktikara eraman beharra dago. Praktikak emango dio praktikotasuna esaldiari.

Arrakastak momenturen batean itsutu bagintuen, azkar jarri genituen hankak lurrean. Etxerako bidea eraikitzen jarraitu beharra daukagu. Inoiz baino gehiago indarrak batzeko beharra daukagu. Batzuek barrutik eta besteek kanpotik. Herri honek aurrera egin behar du eta herriak herritar guztiak etxean dituenean soilik eman ahalko du benetako pauso hori. Eta guri gure esparru honetan gogor jotzea egokitu zaigu. Paper bustiak erakutsi digu beste behin ez dagoela denborarik, gehiegi luzatzen ari dela mendeku hau. Nahikoa da, denak etxera!